Kilometroak 2024

Kilometroetan auzolanean parte hartzera deitu du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik

Nerea Uranga 2024ko ira. 18a, 11:27

Aurreko Kilometroetako muntaketa lanak. (Onintza Lete Arrieta)

Urriaren 6an egingo da Gipuzkoako ikastolen festa Azpeitian, Izpiz izpi lelo hartuta. Kilometroak 2024ko antolatzaileek adierazi dute, Urola bailarako "bizilagun guztiekin" egin nahi dutela "denentzat" prestatutako festa.

Eskualde osoarekin eta hango jende guztiarekin ospatu nahi dute urriaren 6an Azpeitian egingo den Kilometroen jaia Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako kideek. Horregatik, eguneko antolaketa lanak aurreratuta dituztela, ikastolen festan parte hartu nahi duten herritar guztiei auzolanean parte hartzeko ateak ireki dizkie. Hala, Kilometroen egunean, urriaren 6an, auzolanean beren aletxoa jarri nahi duten guztiei, lan txandetan izena emateko deia egin diete, izan azpeitiar, azkoitiar, zestoar, errezildar, beizamar...

Batik bat txosnetan eta jasangarritasunean (garbitasunean eta abar) lan egiteko jendea nahi dute, baita trafikoa eta aparkalekuak antolatzen laguntzeko ere. Izena emateko galdetegia Kilometroak.eus webgunearen ondorengo loturan dago. Zuzenean izena eman nahi dutenek, berriz, telefono honetara deitu edota mezua bidali dezakete: 621 29 58 23 (15:00etatik 19:00etara bitartean).

"Auzolan handiaren urteak emandako fruitua izango da urriaren 6ko jai handia", azaldu dute Ikasberrikoek. Eta Kilometroen antolaketako urte osoan bezala, hiru ardatz izango dituzte oinarri Kilometroen eguneko jaian ere: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza. Ikastolaren komunitatearekin ez ezik, herri osoarekin batera egin nahi dute jaia, "urtean zehar egindako gainerako ekitaldi guztiak bezala". Beraz, parte hartu nahi duten guztientzat "ateak irekita" daudela azpimarratu dute antolatzaileek: "Guztion artean gauza asko egiteko gai gara, taldean eta komunitatean sinesten dugu, herrigintzan; desberdinen arteko batasunak eta euskara zubi dugula elkarrekin eraikitako guak duen indarrean. Horregatik guztiagatik, gu hori eraikitzeko bidean elkarrekin ondo pasatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Ateak irekita ditu nahi duen orok. Etorri!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide