Enduro Martxarekin eta ohiko osagaiekin dator III. YK Riders Fest

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 18a, 12:29

Erakustaldi bateko artxibo irudia. (Maialen Etxaniz)

Urriaren 11n eta 12an egingo dute III. YK Riders Fest. Berrikuntza bezala, enduro martxa antolatu dute larunbaterako. "Azpeitia inguruko jaitsierak ezagutzeko plan ederra" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Dagoeneko ireki dute Enduro Martxan izena emateko epea. Ikastaroak, musika eta jan-edana ez dira faltako. 

Beste urte batez, bi eguneko festa egitaraua antolatu dute Arauntz Riders klubeko kideek Izarraitz skate parkean. Aurreko urteetan ekainean egin duten arren, aurten urriaren 11n eta 12an egingo dute III. YK Riders Fest. Berrikuntza bezala, enduro martxa antolatu dute larunbaterako.

Ostiral arratsaldean hasiko dira egitarauarekin. 17:30ean hasita, BMX, scooter, skate eta lineako patinen ikastaroak eskainiko dituzte. Edonor bertara daiteke horietara. Ostirala jai giroan amaitzeko, parrilada egingo dute 20:00etatik aurrera, eta zuzeneko musika ere egongo da. Zestoako Argizulo taldeko kideek eta Eira zein Takin ova lovak reggae doinuz girotuko dute skate parkea. 

Larunbarterako goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. Enduro martxarekin irekiko dute eguna 09:00etan, eta batzuk mendian dabiltzan bitartean, bestelako ekintzak egingo dituzte skate parkean. Besteak beste, Graffiti, slack line eta tye die tailerrak. Bazkaria egingo dute eguerdian, 14:30ean. Txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko, DA tabernan, 10 eurotan. Arratsaldean,16:30 aldera, erakustaldia egingo dute skate parkean eta eguna borobiltzeko parrillada eta kontzertuak eskainiko dituzte. Aurten, Getariako Onlifly, Azpeitiko Jipoituak eta Hoben musika taldea igoko dira oholtzara. 

I. Enduro Martxa

YK Riders festaren barruan, I. Enduro Martxa antolatu dute Arauntza Riderseko kideek. Aurreratu dutenez, "Azpeitiko jaitsierak ezagutzeko plan ederra" izango da. Hala ere, bertan parte hartzeko "gutxieneko teknika maila izatea" gomendatzen dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Kaskoa eta belaun-babesak ematea "derrigorrezkoa" izango dela ere azpimarratu dute. 

Guztira, 30 kilometroko eta 1.100 desnibel positiboko bidea egingo dute, hiru jaitsierarekin. Urriaren 12ko Enduro Martxan parte hartu nahi dutenak 08:30ean elkartuko dira skate parkean. 

Izen-ematea honako lotura honetan egin daiteke. Martxan izena eman nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dute egunean bertan; martxaz gain bazkarira joan nahi dutenek, berriz, 20 euro. 

Egiataraua osorik, hemen: 

Urriak 11, ostirala: 

  • 17:30: Ikastaroak: BMX, scooter, skate eta lineako patinak. 
  • 20:00: Parrilada eta kontzertua: Argi Zulo Dub feat Eira&Takin ova lova

Urriak 12, zapatua:

  • 09:00: Enduro martxa. 
  • 10:30: Tailerrak eta jolasak: Graffiti, slack line eta tye die. 
  • 14:30: Bazkaria. Txartelak DA tabernan eskuragarri. 
  • 16:30: Erakustaldia. 
  • 20:00: Parrillada eta kontzertuak: Onlifly, Jipoituak eta Hoben. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide