Azken urteetan egin izan duten gisara, aurten ere aldarrikapena eta festa giroa uztartuta ospatuko du Baigerak Jublatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguna.
Aurten irailaren 30ean ospatuko dute beren eguna Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek. Bi hitzordu prestatu dituzte egun horretarako, herriko jubilatu eta pentsiodun guztiei zuzenduta: 13:00etan, pentsio, zaintza eta osasun zerbitzu publiko eta duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzea egingo dute Azoka Plazaren atarian; eta 14:00etan, Azoka Plazan bertan, bazkaria egingo dute, segidan erromeriarekin jarraitzeko.
Hain zuzen ere, Baigerak irekita dauka irailaren 30eko bazkarian parte hartu nahi dutenentzako izen ematea. Txartelak 20 eurotan eskura daitezke Baigeraren bulegoetan datorren asteazkenera arte, irailaren 25a arte.