Joan den larunbatean X. Azpeitia Hiria Xake Saria jokatu zuten udaletxe azpiko arkupeetan. Guztira lau jokalariz osatutako hamalau taldek parte hartu zuten lehian, tartean Domusa eta Altuna y Uria izeneko Azpeitiko bi taldek.
16:30ean hasita, orotara hamahiru txanda jokatu zituzten liga eran, hau da, guztiek guztien aurka. Jokalari bakoitzak partida bakoitzean bost minutuko denbora izan zuen.
Amaierara arte lehia estua egon zen Abadiño eta Santurtzi A taldeen artean. Azkenean, baina, santurtziarrek bi puntuko aldearekin irabazi zuten, eta Beasaingo Alfil taldea izan zen hirugarren sailkatua. Aldiz, Azpeitiko Domusa taldea 7. postuan sailkatu zen, eta Altuna y Uria 13. postuan.
Azpeitiko lehian lortutako puntuazioa baliagarria izango da Xakeko Adiskidetasuna Zirkuituaren lehian.
(Argazkiak: Azpeitiko xake taldea)