Alde Zaharrean trastelekuak egiteko lokal hutsak urriaren 11ra arte eskaini ahal izango zaizkio udalari

Iraia Oteiza 2024ko ira. 23a, 09:00

Erdikalea, artxiboko irudi batean.

Alde Zaharreko herritarren "espazio faltari" konponbidea emateko asmoz, trasteleku komunitarioen proiektua abiatu zuen udalak udaberrian. Orduz geroztik trastelekuren bat izateko interesa duten bizilagunen zerrenda osatu du udalak, eta Alde Zaharreko lokal hutsak alokatu edo erosi nahi ditu orain, horietan trastelekuak egiteko.

Aurrera jarraitzen du Azpeitiko Alde Zaharrean trasteleku komunitarioak egiteko proiektuak. Bilera eta galdetegi bidez bertako bizilagunen beharrei buruzko informazioa jasotzea izan zen aurreneko urratsa, eta udalak osatu du auzoan trastelekuren bat izateko interesa dutenen zerrenda.

Hurrengo pausoa udalak lokal hutsak alokatzea edo erostea izango da. Hala, Alde Zaharrean lokalen bat dutenek eta alokatzeko edo saltzeko interesa dutenek urriaren 11ra arteko epea dute lokala udalari eskaintzeko.

Lokalak ondorengo ezaugarriak izan beharko ditu:

  • Enparan kalean, Done Jakue kalean, Erdikalean edota herriko plazan egon beharko du.
  • Trasteleku erabilerarako izan beharko du, eta udalak lokala izaera horretara egokitzeko lanak egiteko eskumena izango du.
  • Gutxieneko azalera erabilgarriak 80 metro koadrokoa izan beharko du (espazio gardena).
  • Hormigoizko egitura izan beharko du.
  • Gutxienez 2,5 metroko garaiera izan beharko du.

Prozesuan parte hartzeko eskaintzak pleguen I. eta II. eranskinak betez aurkeztu dituzte. Plegu horiek Azpeitiko Udalaren web orrian eta Euskadiko Kontratazio Plataforman eskuratu ahal izango dira, gaurtik hasita.

Udalak azaldu duenez, Alde Zaharreko bizilagunek bolumen handiko materialak gordetzeko arazoak izan ohi dituzte, "etxeen ezaugarriak" tarteko; izan ere, "portal txikiak izatea eta igogailu falta" ohikoa da Alde Zaharreko eraikinetan, eta, ondorioz, "espazio falta" izaten dute bizilagunek. Egoera horri irtenbidea eman nahian proposatu zuen udalak trastelekuak martxan jartzeko ideia. Uda aurretik, bizilagunekin bi bilera egin zituzten udal ordezkariek, eta galdetegi bidez jaso zuten haien beharrei buruzko informazioa. Udalaren arabera, bizilagunengan "interes handia" piztu du gaiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide