Izeta VI.a, pentatloiaren erregeetan errege

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 22a, 09:22

Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, txapela jantzita eta sariz inguratuta, atzo. (Mailo OIarzabal)

Aiakoak bere laugarren txapela jantzi zuen atzo gauean zezen plazan, aldi berriko VII. Euskal Pentatloiaren finalean. Ordu erditik ez zen jaitsi, baina bai 31 minututik: 30.53 eginda, historiako hirugarren marka onena ezarri zuen. Xabat Olaizola eta Beñat Telleria debutaria izan zituen ondoan Izetak podiumean.

Ez du hutsik egin Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak. Faborito erabatekoa zen laugarren urtez jarraian Euskal Pentatloia irabazteko, eta pronostikoa onduz, laugarren txapela jantzi zuen atzo gauean Azpeitiko zezen plazan. Pentatloiaren aldi berriko zazpigarren aldia izan da aurtengoa, eta biren artean banatu dituzte azken zazpi txapelak: Xabier Zalduak irabazi zituen lehen hiru edizioak, hasierako aldian txapel kopuru bera lortu zuen Joxe Mari Olasagasti berdinduz; eta Izeta VI.arentzat izan dira azken laurak. Horrenbestez, Aiako kirolaria da euskal pentatloiaren historian gaur arte txapel gehien lortu dituena, eta lorpenaz "harro" agertu zen atzo.

Antolatzaileek finalaren atarian iragarri zuten datorren urtean ez dela izango pentatloirik. 2016an "indarberrituta" itzultzea da beren asmoa, eta bi urte barruko itzulera du dagoeneko begiz jota azken lau aldietako txapeldunak. Izan ere, garaipenarekin oso pozik, baina era berean sentsazio gazi-gozoarekin bukatu zituen lanak Izetak. Finaleko bost lanak 30 minutuz azpitik bukatzea erronka hartuta zeukan aurtengorako, baina marka horrek itxaron egin beharko du, gutxienez, 2026ra arte.

Olaizola eta Telleria, bikain

Ordu erditik behera ez zen jaitsi, baina marka bikainarekin irabazi zuen Izetak. Izan ere, 31 minuturen langatik jaistea lortu zuen, eta minutu pasa ondu zuen berak 2023an egindako lana. 30.53rekin, 2022an berak ezarritako historiako hirugarren marka onena (31.36) gainditu zuen Aiakoak. Atzoko lanarekin, beste koska bat jan dio Izetak Angel Arrospidek 1990ean ezarritako historiako bigarren denbora onenari (30.15). Urrun gelditzen da, aldiz, Arrospideren urte berean Olasagasti txapeldunak egindakoa: 27.20.

Iazko debutean erakutsitakoak berretsita, Xabat Olaizola zarauztarrak ere izugarrizko lana egin zuen atzoko finalean. 2023an bezala, bigarren sailkatu zen Olaizola, baina orduko markari ia hiru minutu jan dizkio aurten: 31.47 eginda, bosgarren kokatu da Olaizola pentatloiaren ranking historikoan. Finaleko une gogoangarrienak eskaini zituzten Olaizolak eta Izetak bigarren txandaren hasieran. Izan ere, zarauztarra aiarrari aurrea hartuta ibili zen harri jasotzen eta giza proban, eta aizkoran ebaki behar zituzten hiru kanaerdietako bigarrenean harrapatu zuen Izetak Olaizola. Aizkorako azken txanpan eta txingetan areagotu zuen aldea txapeldunak, eta korrikako hiru kilometroetan eutsi egin zion aldeari, nagusiki. Izan ere, korrikan hasi bezain pronto bareak heldu ziola adierazi zuen Iruretagoienak. Aurreko urteetako jaikirik ez zuen erakutsi txapeldunak azken txanpa horretan eta hortxe egin zion ihes amesten zuen markak; txikituta bukatu zuen lana.

Xabat Olaizola eta Izeta VI.a txanpaina astintzen, podiumean. (Mailo Oiarzabal)

Beñat Telleria izan zen finaleko hirugarren izen nagusia. Lehen txandan aise eta itxura bikaina emanez nagusitu zen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) harri jasotzailea, eta beretzat izan zen, azkenean, podiumaren hirugarren koska. Lehen txandan aritu zen laugarren sailkatua ere, Aritz Irazabal. Bosgarren koskarekin konformatu behar izan zen txanda nagusian bi aurrenen oso atzetik ibili behar izan zuen Ioritz Gisasola Zelai IV.a, eta atzokoarekin pentatloiari agur esan zion Xabier Zaldua txapeldun ohiarentzat izan zen seigarren eta azken koska.

Iragarritako etenaren aurreko finalean zezen plaza betetzeko deia egin zuten antolatzaileek, baina ez zen inoizko jendetzarik elkartu harmailetan, ezta gutxiago ere. Hala ere, joan zirenek giro beroa sortu zuten, bereziki 'bere' kirolaria animatzera joandako multzoek, 'bere'-az gain besteak ere animatuz, beti ere. Pankartekin, puxikekin, oihu eta txaloekin, kirolarien jarduna egoki hauspotu zuten.

Sailkapena

Hau da VII. Euskal Pentatloiaren finaleko sailkapena:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 30.53
  2. Xabat Olaizola: 31.47
  3. Beñat Telleria: 33.46
  4. Aritz Irazabal: 35.19
  5. Ioritz Gisasola Zelai IV.a: 36.43
  6. Xabier Zaldua: 37.28

Kirolariak, antolatzaileak eta babesleak familia argazkian, sari banaketa ekitaldian. (M. Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide