Herniora irteera antolatu du Lagun Onak MBk iraileko azken iganderako

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 22a, 11:08

Lagun Onak MBkoekin Hernioko tontorrera igotakoak, iaz. (Lagun Onak MB)

Azpeititik oinez, edo autobusez Bidania-Goiatzera joan eta handik tontorrera igotzeko aukera eskaintzen dute mendizaleek, eta guztientzako autobusa, itzulerarako. Osteguna arte eman daiteke izena.

Urteroko usadioetako bat betez, iraileko azken iganderako Herniora irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak, heldu zein umeentzat. Zelatungo iraileko jaien azken egunarekin bat eginez, beraz, gaur zortzi, hilaren 29an, igoko dira Herniora mendizale azpeitiarrak.

Azpeititik oinez, edo autobusez Bidania-Goiatzera joan eta handik tontorrera igotzeko aukera eskaintzen du Lagun Onak MBk. Oinez zein autobusez, 09:00etan irtengo dira denak anbulatorio aurretik. Herniotik Zelatunera jaitsi eta hango erromeriaz gozatzeko parada izango dute aurten ere mendizaleek, 17:00etan Azpeitira itzultzeko autobusa hartu aurretik.

Hernioko irteeran parte hartu nahi dutenek datorren osteguna, irailak 26, izango dute izena eman ahal izateko azken eguna. Ordainketa, baina, autobusean egin beharko dute: Lagun Onak MBko bazkideek 5 euro, eta bazkide ez direnek 10 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide