Euskal Koparen finala galdu du Domusa Teknik ISBk

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 22a, 15:30

Gaurko finalaren hasierako jauzia. (Basketbasko)

Ausarta Barakaldok 60-68 menderatu du Luis Agirre Katxi-ren taldea gaur eguerdian Galdakaon. Datorren zapatuan ekingo dio Iraurgik LF Challenge ligari, etxean, Castelloren kontra.

Denboraldiaurrea garaikurrik gabe bukatu du Domusa Teknik ISBk. Iraurgiren emakumeen talde nagusiak bigarren mailako Eusko Ligaren finala jokatu eta galdu du gaur eguerdian Galdakaon (Bizkaia). Ausarta Barakaldo LF2ko taldeak mendean hartu du aurten koska bat gorago, LF Challenge ligan, lehiatuko den Azkoiti-Azpeitiko taldea (60-68).

Arrasate Ointxeri eta Ibaizabali tarte txikiarekin irabazi ondoren sailkatu ziren finalera, hurrenez hurren, Iraurgi eta Ausarta Barakaldo. Gaur, Barakaldokoentzat izan da lehen laurdena (14-25), baina atsedenaldiaren aurretik iritsi da Luis Agirre Katxi-ren taldearen erreakzioa: sei puntuko abantailarekin (40-34) joan dira aldageletera Domusa Teknik ISBren jokalariak. Bigarren zatian, ordea, ez du jarraipenik izan Azkoiti-Azpeitikoen goraldiak: 48-52 aurrea berreskuratuta bukatu du hirugarren laurdena Barakaldoko taldeak, eta alde hori bikoiztu du azken txanpan, 60-68 nagusitzeko.

Euskal Kopa atzean utzita, datorren zapatuan estreinatuko duen 2024-2025eko Espainiako LF Challenge ligari behar bezala ekiteko lan egingo du bihartik aurrera Domusa Teknik ISBk. Zapatuan ekingo diote ligari, etxean, joan den udaberrian Iraurgikoekin batera mailaz igo zen Castelloren aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide