Etxean porrota eta kanpoan berdinketa, Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 23a, 10:41

Lagun Onak-Oiartzun B partidaren une bat, atzo, Garmendipen. (Lagun Onak)

Oiartzun B-k 1-3 irabazi zion Garmendipen Miren Arrondoren taldeari, Ohorezko Erregional Mailako ligaren estreinakoan. Paduraren zelaian, berriz, golik gabe amaitu zen neurketa.

Asteburua ez da oparoa izan Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat. Jokoan zituzten sei puntuetatik bakarra batu dute, gizonen taldeak Paduraren zelaitik ekarritakoa (0-0).

Emakumeek, aldiz, estreinaldi gogorra izan dute Ohorezko Erregional Mailako 2024-2025 ligan. Miren Arrondo entrenatzaile berriaren lehen partidan, 1-3 galdu zuen Lagun Onakek atzo arratsaldean Garmendipen, Oiartzun B taldearen kontra. Ez zen ondo hasi Lagun Onak, Oiartzungoek askoz indartsuago ekin zion neurketari, eta 8. minutuan iritsi zen bisitarien lehen gola. Markagailuan atzetik, jokoaren kontrola hartu zuen etxeko taldeak. indarrak orekatu egin ziren, eta Lagun Onakek pare bat gol aukera on ere izan zituen atsedenaldiaren aurretik, baina ez zuen asmatu. Bigarren zatiaren hasiera lehen zatikoaren ildo beretik joan zen: etxekoak jokoaren haria ezin hartuta, eta Oiartzun nagusi. 70. minutuan egin zuen 0-2koa kanpoko taldeak. Lagun Onak nahi eta ezin aritu zen aldea murrizteko golaren bila. Eta iritsi zen gola, azken txanpan: 90. minutuan, Malen Astigarragak gol bikaina egin zuen, Joane Kortari area ertzean egin zioten falta jaurti, eta baloia hesiaren gainetik sareetara bidaliz. Berdintzen ahalegintzeko denbora gutxi gelditzen zitzaien etxekoei, baina, gainera, kontrakoa gertatu zen: Oiartzun izan zen hirugarren gola egin zuena, kontraerasoan. Ostiraleko lan saioan belaunean min hartu zuen Naira Suduperen baja antzeman zuen atzokoan Arrondoren taldeak.

Datorren asteburuan Antiguokoren zelaian jokatuko du Lagun Onakek.

Bigarren berdinketa

Bigarren astez jarraian etxetik kanpo aritu da Espainiako Hirugarren Mailako taldea. Hirugarren jardunaldian ere ez da iritsi lehen garaipena, baina behintzat puntu batekin itzuli zen etxera Jose Luis Riberaren taldea. Arrigorriagan (Bizkaia), Paduraren zelaian, golik gabe amaitu zen neurketa. Puntu batekin, eta epailearekin haserre bukatu zuten partida Azpeitikoek. Izan ere, garaipenaren bila zelairatu zen Lagun Onak eta emaitza hobea lortzeko trantzean egon zen; baina, besteak beste, Erdoziari egindako penalti argi bati ezikusiarena egin zion epaileak. Azken minutuetan, gainera, Jokin Zeziaga kanporatu zuen, bigarren txartel horia erakutsita (88.); erabaki horren aurrean protesta egitea egotzita, Riberari txartel gorria erakutsi zion epaileak, kexak teknikarien taldeko beste kide batek egin zituen arren. Epailearen erabaki eztabaidagarriak alde batera utzita, eguraldiak ere baldintzatu zuen Paduraren eta Lagun Onaken arteko dema, euri asko bota baitzuen Arrigorriagan zapatu arratsaldean.

Datorren asteburuan Garmendipera itzuliko da Lagun Onak, ligako lehen garaipenaren bila. Laugarren jardunaldian, Urduliz hartuko dute Azpeitikoek, zapatuan, 17:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide