Udal Euskaltegian izena emateko azken egunak dira

Ane Olaizola 2024ko ira. 24a, 10:36

Udal Euskaltegiaren egoitza, Perez Arregi plazan. (Azpeitiko Udala)

Urriaren 1ean hasiko dute ikasturtea Udal Euskaltegian, eta ikasleek ostiralera bitartean dute matrikula egiteko aukera.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak eskainiko dituen ikastaroren batean parte hartu nahi duenak ostiralera bitartean du izena emateko aukera. Udal Euskaltegiak iaztik Perez Arregi plazan, lehengo Telefonicaren eraikinean, duen egoitza berrian matrikulatu daiteke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara bitartean.

Urriaren 1ean hasiko dute han ikasturtea, eta maila guztietako tituluak prestatzeko ikastaroak antolatu ditu, hala nola A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak. Goiz, arratsalde zein gaueko ordutegietan emango dituzte eskolak euskaltegian, eta horrez gain, online ikasteko aukera ere eskainiko dute.

Era berean, udalak gogoratu du hark eskaintzen dituen laguntzei esker euskara ikastea "ia doakoa" dela Azpeitian. Gainera, HABEk beste hainbat diru laguntza jarri ditu aurten martxan, C1 maila egin nahi duten 16-18 urte bitarteko gazteentzat zein A1 mailako ikasleentzat.


Informazio gehiago 943-81 19 47 telefono zenbakira deituta edo euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikora idatzita lor daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide