Azpeitira iritsiko da ostegunean 'Jarri bizikleta prest Mugirekin' kanpaina

Andoni Elduaien 2024ko ira. 24a, 10:29

Dominguez, ezkerrean, eta Asensio, eskuinean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Mugi txartel pertsonalizatua dutenek bizikletaren oinarrizko konponketa zerbitzua jasotzeko aukera izango dute etzi, osteguna, herriko plazan. 16:00etatik 20:00etara furgoneta bat jarriko dute horretarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren Jarri bizikleta prest Mugirekin kanpaina Azpeitira iritsiko da etzi, osteguna. Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, garraio publikoa edota bizikleta erabiltzeak eta joan-etorriak oinez egiteak osasun publikoan eta ingurumenean dituen onurak nabarmendu nahi ditu aldundiak kanpainak, eta horretarako, hainbat ekintza egingo dituzte.

Ostegunean, 16:00etatik 20:00etara, bizikleta konpontzeko oinarrizko eta zerbitzua eskainiko dute. Herriko plazan jarriko dute furgoneta bat, eta Mugi txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileei doan eskainiko diete konponketaren oinarrizko zerbitzua. Herritarrek matxura txikiengatik erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatu nahi dituzte ekimenarekin, baita beste garraiobide batzuk, batez ere ibilgailu pribatua, uztera bultzatu ere. Azpeitiko Ziklos Beni saltokiak bat egin du kanpainarekin, eta hango ordezkariak arituko dira bizikletak konpontzen.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatuak adierazi duenez, "azpiegituretan inbertitzea eta mugikortasun arduratsuan prestatzea funtsezkoa" da etorkizun iraunkorragoa sortzeko. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, bestalde, ekimen honek "helburu bikoitza" duela nabarmendu du. "Batetik, mugitzeko modu iraunkorrak sustatzea, eta bestetik, herritarren artean bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzen laguntzea".

Zozketak ere bai

Aurreko edizioetan bezala, zozketak ere egingo dituzte kanpainari lotuta. Herriko dendetan eta plazako furgonetan aurkituko dituzten kupoiak bete eta kanpainan parte hartzen dutenen artean bi bizikleta eta 50 euroko bi bonu zozkatuko dituzte. Kanpainari atxikitako dendetan bizikletentzako materiala erosteko aukera izango dute erosketa bonu horiekin. Gainera, Mugi txartelean hogei euroko 60 birkarga ere zozketatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide