Datozen igandean eta astelehenean, irailaren azken bi egunetan, izango da zinemaz gozatzeko aukera Soreasu antzokian. Ohi bezala, bi film emango dituzte: Central Parkeko heroiak (Jeremie Degruson, Frantzia, 2023) da igandeko lehen saioan emango dutena (16:30); eta Isaki Lacuestak zuzendutako Segundo premio (Espainia, 2024), berriz, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan emango dute.
Los Planetas musika talde andaluziarraren ibilbidean oinarrituta baina fikziotik egindako lana da Segundo premio. Hain zuzen ere, Granadakoen Una semana en el motor de un autobús diskoko abesti bat aukeratu du Lacuestak filmari izena emateko, eta disko horren sorrera eta grabazio prozesua dago filmaren abiapuntuan. Hau dio Segundo premio-ren sinopsiak: "Granada, 90eko hamarkadaren amaiera. Eferbeszentzia artistiko eta kultural betean, indie musika talde batek bere unerik delikatuena bizi du: baxu jotzaileak bandarekin hausten du, bere lekua musikatik kanpo bilatuz, eta gitarra jotzailea bere burua suntsitzeko espiral arriskutsu batean murgilduta dago. Bitartean, kantariak hirugarren diskoa idazteko eta grabatzeko prozesu zail bati aurre egin beharko dio. Inork ez daki disko horrek betiko aldatuko duela herrialde osoko eszena musikala. Hau Los Planetasi buruzko filma (ez) da".
Central Parkeko heroiak-ek, berriz, On Kixoteren txontxongilo baten eta peluxezko txakur baten abenturak kontatzen ditu. Hona hemen, sinopsia: "Irudimen mugagabea duen On Kixoteren txotxongiloak eta lagun bat behar duen DJ Doggy Dog peluxe abandonatuk Central Parken zeharkatuko dituzte beren bideak bideak. Haizearen eta marearen kontra elkartuko dira, New Yorken kokatutako adiskidetasun abentura epikoan".
Datoprren igandeko eta asteleheneko zinema emanaldietarako sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.