Artiekin bertako artisauen azoka egingo dute larunbatean plazan

Ane Olaizola 2024ko ira. 25a, 14:11

Artiekinek apirilean antolatu zuen azokako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Herriko 27 eskulangilek parte hartuko dute Artiekin elkarteak plazan antolatu duen azokan. Haien postuak ez ezik, talogileak ere izango dira, eta Ametsen txokoak zein Dona donik tailer bana eskainiko dute.

Artiekin bertako artisauen azoka antolatu du zapaturako izen bereko artisau elkarteak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Elkarteko artisauek ez ezik, Euskal Herriko eskulangileek parte hartuko dute 10:00etatik 19:00etara bitartean egingo duten azokan, eta guztira, 27 postu ikusteko eta haien produktuak erosteko aukera izango dute plazara bertaratzen diren herritarrek.

Artisauen postuen artean izango dira talogileak ere, eta horrez gain, goizean zein arratsaldean tailer bana izango da: Ametsen txokoak eskainiko du goizekoa, eta saio horretan eskumuturrekoak egiten arituko dira, 10:30etik 11:30era artean; arratsaldean, berriz, Dona donik izozki tailerra eskainiko du. 17:00etan hasiko da Fernando Alberdiren ikastaroa, eta amaieran, izozki bana emango die parte hartzaileei. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte azokara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide