Azken urteetako ohiturari jarraituz, tuba doinuek hartuko dituzte Azpeitiko kaleak eta Soreasu antzokia aurtengoan ere, Tuba Jaialdiaren hamalaugarren edizioa urriaren 25ean eta 26an egingo baitute.
Jaialdiaren aurtengo ekitaldi nagusia Gari, Montxo & Joselontxo Tuba Zirkuan ikuskizuna izango da. Tutik Clowns konpainiako ibilbide luzeko hiru pailazoak Soreasu antzokiko oholtzan izango dira tuba bandarekin batera. Familiei zuzenduta dagoen emanaldia urriaren 26an 18:30ean izango da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude honako lotura honetan, 4,50 euroan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, musikariei bideratutako beste zenbait ekintza lantzen dihardute oraindik, eta datozen egunetan osatuko dute jaialdiaren egitaraua. Hala ere, urriaren 26ko Tuba Zirkuaren emanaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute jada. Urtero bezala, izena ematen dutenek emanaldian parte hartzeko aukera izateaz gainera, hamaiketakoa eta bazkaria ere izango dituzte. Honako lotura honetan eman daiteke izena, 25 euroren truke. Antolatzaileek musikari oro eta, oro har, musika, kultura eta ikuskizunak gustoko dituzten guztiak emanaldi berezian parte hartzera gonbidatu dituzte.