Luis Uzinek sustatuta, Azpeitia, mende bat 1924-2024 izeneko erakusketa zabalduko dute bihar, larunbatez, Betharram erakusketa aretoan. Esposizioaren bitartez, aitortza eta goraipamena egin nahi diete urte luzez hainbat arte diziplinetan aritu ziren artistei. Zehazki, Manolo Madrazo pintorearen, Fernando Olaizola tailugile eta eskultorearen eta Juan Jose Larrañaga margolariaren lanak ekarriko dituzte gogora.
Madrazoren, Olaizolaren eta Larrañagaren ibilbidea izango du ardatz erakusketak, baina haiei lotutako bestelako artisten eta lanen inguruko informazioa ere jasoko du. Azpeiti-Azkoitiko hiru artistek arrastoa utzi zuten XX. mendeko arte panoraman.
Irailaren 28tik urriaren 13ra arte egongo da zabalik erakusketa. Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita; igandeetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara.