Gaur aurkeztu dute Querer telesaila Donostiako 72. Zinemaldian, Nagore Aranburu aktorea protagonista duen ikus-entzunezkoa. Sail Ofizialeko lehiatik kanpo parte hartu du Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Querer lanak. Lau atal ditu telesailak eta aktore azpeitiarra da guztietako protagonista.
30 urtez ezkonduta eman eta bi seme-alaba elkarrekin izan ondoren, Mirenek –Nagore Aranburuk interpretatzen duen pertsonaia– senarra utzi eta etengabe bortxatzeagatik salatuko du. Salaketa larri horren ondorioz, seme-alabek aukeratu egin behar dute: amari sinistu ala errugabea dela dioen aitaren alde egin.
Aranburuk gaur prentsaurrean egin duten aurkezpenean azaldu duenez, Mirenen azalean jartzea "arduraz" hartu zuen hasieran, baina gainerako aktoreekin eta zuzendariarekin izandako harremanaren eta egindako lan eskergaren ondorioz, esperientzia "gozagarria" ere izan dela aitortu du: "Hasieran, gidoia irakurri eta Mirenen pertsonaia ezagutzean, ardura sentitu nuen. Pertsonaia bera lantzen joan bezala, ordea, burutik kendu nuen ardura hori, eta kasu zehatz gisa lantzen hasi nintzen. Orduan hasi nitzen lasaitzen. Emakume horren azalean jartzen saiatu nintzen, enpatizatzen, haren errutinak lantzen, zer nolako bizipenak izan zituen ezagutzen... Atzeko lana intentsitate handikoa izan da, baina gozagarria aldi berean. Mirenen rola ez ezik, garrantzitsua izan da haren familiaren izaera lantzea, eta gainerako aktoreek asko lagundu dude horretan; haiek asko lagundu didate Mirenen izaera sortzen". Aranbururez gain, Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Ivan Pellicer eta Loreto Mauleon aktoreek ere parte hartu dute telesailean.
Uneotan, Zeru ahoak telesailaren grabaketan murgilduta dago Aranburu. Bigarrengoz, Nerea Garciaren rolean ariko da Aranburu. Hondar ahoak telesailaren jarraipena izango da Zeru ahoak.