'Keinu txikiek ere komunitatea egiten dute' kanpaina abiatu dute Caritasek eta herriko hainbat saltokik

Nerea Uranga 2024ko ira. 27a, 16:36

Kanpainarekin bat egin duten hainbat saltoki.

Gipuzkoako Caritas Alzola Basque Waterrekin, Azpeitiko Bertan merkatari elkartearekin eta Lasarte-Oriako Aterpe elkartearekin batera du abian kanpaina solidarioa. "Gizarte abegikorragoa eraikitzeko" herritarren eguneroko jarrerek duten garrantziaz sentsibilizatzea du helburu Caritasek.

Gipuzkoako Caritasek Alzola Basque Waterrekin lankidetzan eta Azpeitiko Bertan merkatari elkartearen eta Lasarte-Oriako Aterpe elkartearen laguntzarekin, Keinu txikiek ere komunitatea egiten dute kanpaina solidarioa dute abian igandera, irailaren 29ra, bitartean.

Caritasek adierazi duenez, kanpaina honekin egin nahi dutena honakoa da: "Kalean presente egotea eta herritarrak sentsibilizatzea nahi dugu, gure eguneroko jarrerak pertsona guztientzako gizarte abegikorragoa eraikitzeko duen garrantzia azpimarratuz". Herritarren esku dauden hainbat jarrerek "herri eta hiriak lagunkoiagoak eta inklusiboagoak" izaten laguntzen dutela azpimarratu du Caritasek.

Hala, Keinu txikiek ere komunitatea egiten dute kanpainan parte hartzen ari diren saltokietan kanpainaren kartela jarrita dute, baita pertsona guztientzako aukerak dituen gizarte bat eraikitzera gonbidatzen duen mezua ere. Nahi duten herritar guztiek, beren ekarpena ere egin dezakete dohaintza baten bidez saltoki horietan, eta dohaintzaren truke ur botila bat jasoko dute.

Kanpainan parte hartzen ari diren Azpeitiko hamaika saltokiak honakoak dira: Esnaola Tien 21, Farmazabal, Arrate Outlet, Kaioa, Kiribil Ekodenda, Zuri-Beltz, Romaes, Azkue, Zume, Disdira eta Ostadar optika.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide