Hasi dira Txisteratik egun magikoak. Atzo, ostiralez, arratsaldean ekin zioten Txisteratiken zortzigarren edizioaren egitarauari, gertuko magiaren galarekin. 18:00etan hasita, Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan eskaini zuten emanaldia. Julen Magoak gidatu zuen saioa, dantza eta magia uztartuz.
Maria Arandia, Xabi Magoa, Rubi Ferez eta Juan Capilla aritu ziren askotariko trikimailuak egiten, eta ikusleek bertatik bertara jarraitu zituzten haien mugimenduak. Gainera, trikimailuak are gertuago ikusteko, pantaila handi bat jarri zuten. Ikusleek bero erantzun zuten, eta gogotik gozatu ordubete pasatxo iraun zuen emanaldiarekin. Mokadutxoa egin ostean, magoei zuzendutako konferentzia eskaini zuten Capillak eta Ferezek. Magiaren askotariko ertzak izan zituzten hizpide. Lehen egunaren "balorazio oso ona" egin zuten antolatzaileek.
Gaur eguerdian jarraituko dute magiaren festarekin. 12:30 aldera magia poteoa eskainiko dute Alde Zaharreko kaleetan barrena. Bertan izango dira atzo Dinamoan aritu ziren magoak. Arratsaldean, berriz, gala nagusia eskainiko dute Soreasu antzokian. Aurten, oholtzan izango dira Rubi Ferez eta Juan Capilla, baita Eneko Gutierrez eta Potx Magoa ere. "Potx-ek eta Gutierrezek magia komiko eta freskoa eskainiko dute; Capillak emanaldi ikusgarria eskainiko du eta Rubik mundu mailan saritutako ikuskizuna", aurreratu du Azkuek. Iagomago bera arduratuko da gala zuzentzeaz, eta trikimailuren bat edo beste ere egingo du.