Madrazo, Olaizola eta Larrañaga artisten lanak ikusgai daude Betharram aretoan

Andoni Elduaien 2024ko ira. 28a, 15:00

Manolo Madrazo pintorearen, Fernando Olaizola tailugile eta eskultorearen eta Juan Jose Larrañaga margolariaren lanak erakutsiko dituzte urriaren 13ra bitartean Betharram aretoan. Irekiera ekitaldi jendetsua egin dute eguerdian.

Ireki dute Betharram aretoan Manolo Madrazo pintorearen, Fernando Olaizola tailugile zein eskultorearen eta Juan Jose Larrañaga margolariaren lanak erakutsiko dituzten erakusketa. Luis Uzinek sustatuta, Azpeitia, mende bat 1924-2024 izenean ireki dute gaur erakusketa, eta jende ugari bildu da irekiera orduan.

Hiru artisten jaiotzaren mendeurrena tarteko zabaldu dute erakusketa, eta hiru sortzaileen "lagin txiki bat" besterik ez du jasotzen. Artistek ordezkatutako hainbat kokapen eta pertsonalitate identifikatzeko aukera ematen du erakusketak; izan ere, hiru lagunek zituzten kidetasunak eta antzeko interesak ikus daitezke han, baina baita artistek zituzten desberdintasunak ere. 

Esposizioaren bitartez, aitortza eta goraipamena egin nahi diete urte luzez hainbat arte diziplinetan aritu ziren artistei. Madrazoren, Olaizolaren eta Larrañagaren ibilbidea du ardatz erakusketak, baina haiei lotutako bestelako artisten eta lanen inguruko informazioa ere jasotzen du. Azpeiti-Azkoitiko hiru artistek arrastoa utzi zuten XX. mendearen bigarren erdiko arte panoraman. Belaunaldi bereko hiru sortzaile autodidakta dira Madrazo, Olaizola eta Larrañaga, eta arteari zioten maitasunaz nahiz haien arteko adiskidetasunaz gain, sistema artistiko ofizialetik eta merkatuaren logiketatik aldenduta aritu ziren.

Urriaren 13ra arte egongo da zabalik erakusketa. Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita; igandeetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide