Mendietan eolikoak jartzearen aurkako elkarretaratze jendetsua, Zelatungo iraileko azken erromerian

Andoni Elduaien 2024ko ira. 29a, 16:58

Hernioren magalean egin dute aurten ere elkarretaratzea. (Ihintza Elustondo)

Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak, tartean Sañu Bizirik taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Zelatunen. Eolikoak jartzeko proiektuei baiezkoa ematea baino, Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena baliatzeko eskatu diete han bildutakoek erakundeetako ordezkariei. Erromeriara joandako lagun askok egin dute bat eguerdiko aldarriekin.

Iraileko azken igandea izanik, Gipuzkoako mendi erromeriarik entzutetsuenetako bat ari dira egiten gaur, Zelatunen. Dantzak ez ezik, protestak eta aldarriak ere izan dira beste urte batez Hernio mendiaren magalean. Izan ere, Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak deituta, mendietan eolikoak eraikitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute 13:00etan, eta han izan dira Sañu Bizirik taldeko kideak ere. Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, lagun ugarik egin du bat protestarekin, eta "orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak berriro Gipuzkoara" datozela salatu dute haiek, "tamaina eta kantitate handiagoan", gainera. "Proiektuok, bakarren bat jadanik eraikia, Zubietako erraustegia kasu, landa-eremuan edota mendian dute kokalekua. Orain, 200 metroko garaiera duten aerosorgailu erraldoien txanda da, baita hektarea ugari okupatzen dituzten zentral fotovoltaikoena ere; guztiak energia jasangarriaren izenean", esan dute elkarretaratzearen deitzaileek.

Proiektu horiek egin asmo dituzten guneak zerrendatu dituzte segidan, hala nola Aizarna, Sañu, Txorondegi, Komisolatza, Mendibeltz, Bidania, Illaun, Urraki, Izazpi, Samiño, Oleta, Meaka nahiz Irimo, Larramendi, Basalgo, Andutz, Ezkeltzu, Adarra eta Zaburu. Halaber, nabarmendu dute azpiegitura energetiko horiek eragingo dituzten "kalte ekologikoek Gipuzkoa betirako eraldatuko" dutela. "Industriarekiko fedeari jarraituz gero, ultra-industrializatutako lurralde bilakatzeko arriskuan geundeke, mendiak eta landa eremuak zer diren jakiteko beste paraje batzuetara irten behar izateraino. Mendiak eta landa eremuek erabateko garrantzia dute gure lurraldean, batez ere ekosistemarentzat, baina baita basogintzarako, nekazaritzarako zein abeltzaintzarako, ehizarako nahiz arrantzarako, kirol jardueretarako eta erromerietarako ere. Ezin dugu ahaztu mendiek eta espazio naturalek betetzen dituzten funtzio sozialak, komunitateen ehundura sendotzen dituztenak, gure kultura eta historia ere barnebiltzen dituztela".

Ordea, mendiak "Gipuzkoako paisaia identitatearen sortzaile" ere badira haientzat. "Garen bezalakoak egiten gaituzte. Lurraldearekin lotzen gaituzte. Zer nolako lotura izango lukete etorkizuneko gipuzkoarrek mendia erabat suntsituko bagenu? Badirudi Eider Mendozari Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena Gipuzkoako Aldundiko tiraderan ahaztu zaiola. Izan ere, esan berri du antzeko txostenak oso garestiak direla". Txosten edo dokumentu hori 2021eko abenduaren 21ean onartu zuen aldundiak, eta han jasotakoa mamitu dute segidan elkarretaratzea deitu dutenek. "Txostenak bere 534 orrialdetan dio Gipuzkoak duen orografiagatik eta populazio dentsitateagatik, lurraldea ez dela egokia horrelako makroproiektuak garatzeko, eta ez direla errentagarriak. Gainera, txostenak berak dio autokontsumorako energia sare deszentralizatu bat sortu behar dela, gertukoa eta txikia. Bada, has gaitezen hortik eta inberti dezagun diru publikoa horretan, eta erabil ditzagun ditxosozko Next Generation diru funtsak etorkizuneko pertsonen bizitza guztiak bizigarriak izan daitezen; eta ez multinazionalek nahi duten tokian nahi duten proiektua garatuz poltsikoak betetzeko".

Sañu Bizirikeko kideek esan dute "inposatu nahi duten eredu horren aurretik, garatu beharreko bestelako alternatibak" daudela. "Makroproiektu horiek egin besterik ez dagoela diotenek eta Energia Berriztagarrien LPSa aprobatzeko presa duten horiek badute nora jo: Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena. Orain dela bi hamarkadetako borrokari leial izaten jarraituko dugu mendien eta landa eremuaren alde", esan dute elkarretaratzea ixteko.

Jendea, elkarretaratzera bidean. (Ihintza Elustondo)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide