Lagun Onaken gizonek lehen garaipena eta emakumeek lehen puntua batu dituzte

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 30a, 10:01

Alex Letamendia gola ospatzen, zapatuan, Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Riberaren taldeak 2-1 irabazi zion Urdulizi Garmendipen, eta Arrondorenak 1-1 berdindu zuen Antiguokoren zelaian.

Asteburuko futbol jardunaldiak berri onak utzi ditu Lagun Onaken talde nagusientzat. Espainiako Hirugarren Mailako ligaren laugarren jardunaldian iritsi da lehen garaipena gizonentzat, eta Ohorezko Erregional Mailako ligaren bigarren jardunaldian batu dute lehen puntua emakumeek.

Oker hasi baina ederki bukatu zen zapatu arratsaldea etxekoentzat Garmendipen. Neurketari pultsua hartzea kostatu egin zitzaion Jose Luis Riberaren taldeari, eta garesti ordaindu zuen. Urdulizekoek askoz hobeto ekin zioten partidari, eta abisu bat baino gehiago eman ondoren, 13. minutuan 0-1ekoa  egin zuen talde bizkaitarrak. Bisitarien gola iratzargailu ezinhobea izan zen Lagun Onakentzat. Erasoan bizi ekin zioten Riberaren gizonek, eta 30. minutuan iritsi zitzaien saria: Beñat Arratibeli falta argia egin zioten area barruan, eta Jagoba Erdoziak ez zuen aukera alferrik galdu gola egiteko eta markagailuan berriro berdinketa ezartzeko. Erasoan jarraitu zuen Lagun Onakek eta Urdulizekoak ere ez ziren kikildu, baina saria etxekoentzat izan zen. Lehen zatiaren luzapenean, 46. minutuan, Alex Letamendiak ezkerrarekin bidali zuen baloia sareetara. Atsedenaldirako hasiera txarrari erremedioa jarrita, bigarren zatian neurketa erabakita uzten ahalegindu zen Riberaren taldea, lortu ez arren; Urdulizek, aldiz, atsedenaldi aurreko kolpea igarri zuen eta ez zuen lehen zatian adina minik egin bigarrenean.

Azken jardunaldiko hiru puntuak aurretik zituen biei gehituta, bost punturekin, 11. postuan dago Lagun Onak. Durangon jokatuko du Azpeitiko taldeak datorren zapatuan (17:30).

Lehen puntua zakura

Aurreko astean ligari Oiartzunen kontra 1-3 galduz ekin zion Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek, baina bigarren jardunaldian puntu ona batu du Antiguokoren etxean. Bi taldeak parez pare aritu ziren lehen minutuetan, biek sortu zituzten gol aukerak, baina Lagun Onakek asmatu zuen: 28. minutuan, 0-1 jarri zen aurretik Miren Arrondoren taldea, Julene Elustondok taldearen jokaldi on bat burutu ondoren. Hortik aurrera etxekoak izan ziren baloiaren jabe. Lagun Onak atzean itxoitera eta kontraerasoan ahalegintzera irten zen bigarren zatian, baina etxekoek berdintzea lortu zuten 73. minutuan. Azken ordu laurdena luze egin zitzaien Azpeitkoei, baina sendo eutsi zieten Antiguokoren saiakerei eta markagailua ez zen mugitu.

Datorren asteburuan berriz ere etxetik kanpo aritzea tokatuko zaio Lagun Onaki. Oraindik punturik batu ez duen Elgoibarren zelaian jokatuko du Arrondoren taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide