Kilometroak 2024

Oihana Aldanondok irabazi du Eguzki Izpiak Argazki Lehiaketa

Nerea Uranga 2024ko urr. 1a, 08:30

Kilometroak 2024ren barruan antolatutako Eguzki Izpiak Argazki Lehiaketaren sariak banatu eta erakusketa zabaldu dituzte Sanagustin kulturgunean. Denera, 60 argazki inguru aurkeztu dira lehiaketara, eta Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek erabaki dituzte hiru irabazleak.

Udan Eguzki Izpiak Argazki Lehiaketa egin du Kilometroak 2024ren antolaketa taldeak. Herritarrek bidalitako 60 argazki inguruk parte hartu dute lehiaketan, eta Azpeitiko Argazki Elkarteko hiru kidek erabaki dituzte hiru saridunak. Atzo arratsaldean lehiaketako sariak banatzearekin batera, argazki lehiaketara aurkeztutako hamar argazkirekin erakusketa zabaldu zuten. Argazki erakusketa Kilometroen egunera bitartean (igandea) egongo da zabalik.

Lehiaketaren irabazlea Oihana Aldanondok ateratako Hondartzako islada izenburuko argazkia izan da, eta honek Bertan merkatari elkartearen 100 euroko erosketako bonoa jaso du sari gisa. Bertaneko Xabier Aldalurren eskutik jaso zuen saria.

Bigarren sariduna Aitzol Iparragirrek egindako argazkia izan da, Udako Erromako zubia izenburukoa. Iparragirrek Kilometroen dendan gastatzeko 60 euroko txartela jaso du sari gisa.

Hirugarren saritua, berriz, Aitziber Besgaren Eguzki printzak euskal kostaldean izenburuko argazkia izan da. Sari gisa Kilometroen egunean gastatzeko 40 euroko bonoa eskuratu du.

Eguzki Izpiak Argazki Lehiaketaren antolatzaileek lehiaketan parte hartu duten guztiak eskertzearekin batera, Azpeitiko Argazki Elkartea nahiz Kulturaz kooperatiba eskertu dituzte argazki lehiaketa eta erakusketa aurrera eramaten laguntzeagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide