Ostiralean hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloa

Iraia Oteiza 2024ko urr. 1a, 13:08

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren aurkezpena, gaur, Azpeitian. (Iraia Oteiza)

Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek antolatzen dute organo zikloa, Fray Joseph Echevarria organo elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Ostiral honetatik aurrera, hileko asteburu guztietan izango dira kontzertuak: ostiraletan, 19:30ean, Loiolako basilikan; larunbatetan, 20:00etan, Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundeko parrokian; eta igandeetan, 19:00etan, Bergarako Santa Marina parrokian. Kontzertuak doakoak izango dira.

Urriarekin dator aurten ere Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloa, eta gaur aurkeztu dituzte zikloaren xehetasunak Azpeitian. Aurtengo edizioan ere hiru herritan izango dira kontzertuak: Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran. Azpeitian lau kontzertu eta Azkoitian zein Bergaran hiruna eskainiko dituzte, hamar guztira, urriaren 4tik aurrerako asteburuetan. Azpeitiko Loiolako basilikako kontzertuak ostiraletan eskainiko dituzte, 19:30ean hasita; Azkoitikoak larunbatetan, 20:00etan; eta Bergarakoak igandeetan izango dira, 19:00etan.

Organo erromantikoaren bueltan urtero antolatzen den zikloaren erdigunea Azpeitia izango da aurten. Hain zuzen ere, Loiolako basilikan izango dira kontzertu gehien. Ostiralean, urriaren 4an, Christian A. Almada organo jotzaile argentinarrak, Pietro Cernuto friscaletto eta gaita jotzaile italiarrak eta Vincenzo Isaia klarinete jotzaile italiarrak estreinatuko dute zikloa. Loiolako bigarren kontzertua, urriaren 11koa, bi musikari azpeitiarrek eskainiko dute: Itziar Urbieta organo jotzaileak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak. Urriaren 18an, Valentin Lukan Austriako organista gazteak emango du kontzertua, eta Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako organo ikasleek itxiko dute zikloa urriko azken ostiralean.

Azkoitiko parrokiako kontzertuak, berriz, larunbatetan izango dira, 20:00etan. Urriaren 5ean, Mikel Ansola Markina-Xemeingo (Bizkaia) organo jotzaileak eskainiko du kontzertua, DOS-I abesbatzarekin batera. Urriaren 12an, Loreto F. Imaz organistaren eta Ainhoa Zubillaga mezzoaren kontzertua izango da, eta urriaren 19an, berriz, Nathan Laube organista estatubatuarra izango da Cavaillé-Coll organoa jotzeaz arduratuko dena.

Bergarako Santa Marina parrokian, aldiz, igandeetan izango dira kontzertuak, 19:00etan. Urriaren 6an, Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organo jotzaile titularra den Juan de la Rubiaren eta Xabier Urtasun organista nafarraren txanda izango da. Urriaren 13an berriz, Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarrak era Aritz Segura zeharkako txirula jotzaile errenteriarrak (Gipuzkoa) eskainiko dute kontzertua, eta urriaren 20an, Aitor Olea Bergarako San Pedro elizako organo jotzaile titularrak eta Airean ahots taldeak itxiko dute Bergarako zikloa. Kontuan hartu behar da, iaz bezalaxe, aldaketa batekin datorrela Bergarako aurtengo zikloa, San Pedro parrokiako organoa konponketa lanetan dagoenez, Santa Marina parrokiako organoan izango baitira kontzertuak.

Itziar Urbieta organo jotzaileak adierazi duenez, "zikloaren ardatza organoa bada ere, batzuetan beste musika tresna batzuk sartzen saiatzen gara, kontzertu ezberdinak eskaintzeko. Baina organoa bakarrik entzutea ere gustatzen zaigu, zikloaren ardatza izanik, instrumentu horrek eskaini ditzakeen aukera guztiez gozatzeko". Organista azpeitiarraren hitzetan, nazioarteko zikloa izanik, herrialde ezberdinetako musikariak gonbidatu dituzte aurten ere, eta horiek "ilusio handiz" datozela adierazi du, "organo ederrak" jotzeko aukera izango dutelako. Hala, herritarrak kontzertuez gozatzera gonbidatu ditu.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren egitarau osoa, hemen:

Azpeitia, Loiolako basilika (19:30).

  • Urriak 4, ostirala: Christian A. Almada organista, Pietro Cernuto friscaletto eta gaita jotzailea eta Vicenzo Isaia klarinete jotzailea.
  • Urriak 11, ostirala: Itziar Urbieta organista eta Iraia Bereziartua biolin jotzailea.
  • Urriak 18, ostirala: Valentin Lukan organista.
  • Urriak 25, ostirala: organo ikasleak.

Azkoitia, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian (20:00).

  • Urriak 5, larunbata: Mikel Ansola organista eta DOS-I taldea.
  • Urriak 12, larunbata: Loreto F. Imaz organista eta Ainhoa Zubillaga mezzoa.
  • Urriak 19, larunbata: Nathan Laube organista.

Bergara, Santa Marina parrokia (19:00).

  • Urriak 6, igandea: Juan de la Rubia organista eta Xabier Urtasun organista.
  • Urriak 13, igandea: Ignacio Arakistain organista eta Aritz Segura zeharkako flauta jotzailea.
  • Urriak 20, igandea: Aitor Olea organista eta Airean ahots taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide