Nora Alberdiren 'Etxean bezala' argazki erakusketa, ostiraletik aurrera ikusgai

Iraia Oteiza 2024ko urr. 2a, 09:15

Leiho bat. (Nora Alberdi)

Artista azpeitiarrak Etxean bezala argazki erakusketa aurkeztuko du ostiralean Azpeitian, 18:00etan hasita. Sortzaileen lana ikusarazteko Doi programaren barruko hitzordua izango da. Urriaren 20ra arte egongo da ikusgai Alberdiren lana, Foru Ibilbideko aretoan.

Kulturaz kooperatibaren Doi erakusketa programak proiektu berri bat hartuko du etzi. Hain zuzen, Nora Alberdi artista bisual azpeitiarrak Etxean bezala argazki erakusketa aurkeztu eta irekiko du ostiralean, 18:00etan, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Ondoren, han bertan egongo da ikusgai Alberdiren proiektua urriaren 20ra arte.

Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan zein igandeetan 12:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa. Halaber, bisita gidatuak ere izango dira artistaren eskutik, urriaren 15ean, 18.30ean hasita, eta urriaren 20an, 12.00etatik aurrera. Bisita horietan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, inprimaki hau beteta.

Kulturaz kooperatibako kideek erakusketaren dosierrean jaso dutenez, "munduari nola begiratzen zaion", horixe da kontua. "Eta nondik. Batzuen ustez, argazkigintza oro da dokumentala. Bizitzaren erregistroa da, finean. Hor aurrean dagoen argia harrapatu, besterik ez. Erraza ematen du. Baina munduari nola begiratzen zaion, asko aldatzen da kontua".

Hain zuzen, erakusketaren komisariotzaz arduratzen direnek deskribapen horrekin lotu dute Alberdiren lana: "Eguneroko bizitza xume horri darion poetika harrapatzen du argazkietan. Eta ikuslea etxean bezala sentitzen da, munduari begiratzeko modu horrek barruan hartzen duelako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide