Negozio ideia bat aztertzea edo negozio jardueraren bat abian jartzea nahi duten ekintzaileentzako diru laguntzen deialdia martxan jarriko du Lanbide euskal enplegu zerbitzuak astelehenean, Azpeitiko Udalarekin eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. Hilaren 7tik 23ra bitartean –bi egunak barne– egin ahal izango dituzte herritarrek eskaerak, udaletxean. Segidan, proiektuen hautaketa prozesua eginda, hil honen 28an hasiko da Iraurgi Berritzen aukeratutako proiektuen sustatzaileei zuzendutako tutoretzekin.
Laguntza eskaera egiterakoan, hainbat agiri aurkeztu beharko dituzte herritarrek: negozio ideia garatzea nahi duten herritarrek proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute; aldiz, negozio bat martxan jarri nahi dutenek, bideragarritasun plana. Gainera, eskaera orria ez ezik, beste hainbat agiri ere aurkeztu beharko dituzte horiek, hala nola errolda agiria, Lanbideko izen-emate ziurtagiria, lan bizitza eta azken urtean ogasunean jarduera ekonomikoen zergan alta emanda ez egon izana adierazten duen ziurtagiria.
Enpresa ideia bat sortzea, aztertzea eta egituratzea ahalbidetzeko laguntza, gehienez, eskualdeko zortzi lagunek jaso ahal izango dute. Adinaren eta generoaren arabera onartzen dituzten proiektuen sustatzaileek, 1.000 euro eta 1.300 euro bitartean eskuratuko dituzte. Proiektuen ideiak garatzeko jasoko duten tutoretza prozesuak bi hilabete inguruko iraupena izango du.
Jarduera ekonomiko bat martxan jartzeko laguntzen kasuan ere, gehienez zortzi lagun izango dira onuradunak. Adinaren eta generoaren arabera, 1.500 euro eta 1.950 euro jasoko dituzte ekintzaileek. Horiek, gainera, hiru hilabeteko dedikazio konpromisoa izan beharko dute, eta tutoretza epealdiaren ostean, martxan jarri beharko du enpresa.