Kilometroak 2024

Afariarekin borobilduko dute Tutera-Azpeitia egitasmoaren azken etapa, urriaren 19an

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 4a, 10:11

Etxarri-Beasain etapan parte hartu zutenen taldeko argazkia. (Lagun Onak MB)

Goizean Beasain-Azpeitia etaparekin ibilbidea osatu ondoren, gauerako afaria antolatu dute Lagun Onak MBk eta Kilometroak jaiaren antolatzaileek Azoka Plazan. Mendizaliek tabernan eta Elikagunean jarri dituzte txartelak salgai.

Bi aste barru, urriaren 19an, osatuko dute Lagun Onak MBk eta Kilometroak 2024 jaiaren antolatzaileek elkarlanean antolatutako Tutera-Azpeitia egitasmoa. Egun horretan egingo dute Nafarroa hegoaldeko herria eta Azpeitia oinez eta etapaka lotzeko bederatzigarren eta azken ibilaldia: Beasain-Azpeitia. Eta egitasmoa borobiltzeko, gauean, afaria egingo dute Azoka Plazan.

Urriaren 19ko bi hitzorduetan parte hartu nahi dutenak garaiz daude izena emateko zein txartelak erosteko. 07:00etan irtengo da mendizaleak Beasainera eramango dituen autobusa, anbulatorio aurretik. Beasaindik etxerako bidea oinez egingo dute, 27 kilometroko luzeta eta 1.500 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea osatuta; besteak beste, Usurbe, Izazpi eta Samiño igoko dituzte bidean. Hilaren 17n itxiko da Beasain-Azpeitia ibilaldian parte hartu nahi duten mendizaleek izena emateko epea, edo plazak betetzen direnean. Oraingo honetan, ordainketa aurrez egin beharko dute parte hartzaileek –Lagun Onak MBren bazkideek 7,5 euro, eta bazkide ez direnek 10 euro–; mendizaleek beren webgunean jarri dituzte ordainketarako jarraibideak.

Egun berean 21:00etan Azoka Plazan egingo duten afarirako txartelak ere salgai jarri dituzte. Elikaguneak emango du afari hori, eta Elikagunean bertan zein Mendizaliek tabernan eros daitezke txartelak, 40 euroren truke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide