Kilometroak 2024

Kilometroen eguna da gaur Azpeitian

Nerea Uranga 2024ko urr. 6a, 08:30

Kilometroak 2024ko mosaikoa. (Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba)

Azpeitiko plazatik Loiolara bitartean KIlometroetako lau gune antolatu dituzte, eta guztietan daude adin guztietako pertsonentzako ekintzak: dantza, Erronka, artisau tailerrak, askotariko erakustaldiak, antzerkia, magia, herri kirolak, bertsolariak, kontzertuak...

Izpiz izpi lelo hartuta ospatuko dira gaur Kilometroak Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak antolatuta, hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean. Azpeitiko plazaren eta Loiolaren artean lau gune prestatu dituzte jairako: aurrenekoa plazan, bigarrena Esklabetan, hirugarrena Ikasberrin eta laugarrena Loiolan. Gune guztietan daude adin guztietako pertsonentzako ekitaldiak.

Kilometroen jaien barruan inolako erasorik ez dela onartuko adierazi dute antolatzaileek, eta denak ondo pasatzeko jai eguna dela azpimarratu dute. Puntu Moreak jarriko dituzte hiru gunetan, plazan, Ikasberrin eta Loiolan.

Aniztasun funtzionala dutenentzako, berriz, pase azkarrak atera dituzte eta horiek eskuragarri izango dituzte beharra dutenek txarteldegietan. Horrez gainera, lasai egoteko guneak ere egokitu dituzte Kilometroen antolatzaileek: bat, plazatik bertan dago, Iturri Txiki ludotekan; bestea, berriz, Ikasberri ikastolan dago, 3 urtetik 6 urtera artekoen ikasgelan.

Kilometroetako egitaraua:

1. gunea-herriko plaza: herria.

- 10:00-13:00. Erronka.
- 11:00-11:30. Bertsolariak.
- 11:30-13:00. Herri kirolak.
- 13:00-14:00. Muxikoak dantza plaza.
- 13:30-14:30. Erronka.
- 14:30-15:30. Erromeria: Imuntzo eta Beloki.
- 16:00-17:30. Kontzertua: La Basu

  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia, Iturri Txiki ludotekan.

2. gunea-Esklabak: euskara.

- 11:00-12:00. Izpiz izpi jolasean: karaokea.
- 12:30-13:30. Iagomago eta Julen magoa.
- 13:30-14:30. Skate erakustaldia.
- 14:30-15:30. Kontzertua: Deñe.
- 15:30-17:00. Go!azen.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Euskaltel bizikleta zirkuitua eta puzgarriak: Laboral Kutxa, Reala txokoa.

3. gunea-ikastola: euskara.

- 10:00-11:00. Irekiera ekitaldia.
- 11:00-11:30. Kontzertua: Skapaie.
- 12:00-13:00 Antzerkia: Troia kale antzerkia.
- 13:00-14:00 Kontzertua: Leherkaitz.
- 14:30-15:30 Kontzertua: Ukabil.
- 16:30-17:30 Kontzertua: Tapia eta Leturia.
- 18:00-19:00 Kontzertua: Janus Lester.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldea. Eitb: Makusi, Eroski elikadura tailerra.
  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia: ikastolako 3-6 urtekoen gelan.

4. gunea-Loiola: aniztasuna.

- Goizean zehar: yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldiak.
- 11:00-13:00. Erronka.
- 12:30-13:30. Kontzertua: Ro.
- 14:00-14:45. Kontzertua: Eraldatzen.
- 15:00-16:00. Kontzertua: Trini Fox.
- 16:30-17:30. Kontzertua: Urtz.

  • Beste ekintzak egunean zehar: artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira.

Egunean zehar, kaleko animazioa: Sahatsa dantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi euskal kultur elkartea, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, Batukada eta UK03 txaranga. 

Jarraibideak:

TRAFIKOA

Gaur ez dute trafikoa erabat etengo herrian. Loiola auzoaren eta Alde Zaharraren artean, guztiz itxiko dutena Ikasberriko biribilgunetik Alde Zaharrera arteko errepidea izango da: Loiolako Inazio etorbidea eta Arana kalea. Ondorioz, trafikoa Ikasberriko biribilgunetik Sanjuandegi auzo aldera bideratuko dute. Arana kalearen eta Santutxo auzoaren arteko eremuetatik irteteko arazorik ez dute izango autoek, baina sarbidea mugatuta izango dute festak iraun bitartean.

Ibilgailuen joan-etorria murriztuko duten beste gunea Sanjuandegiko biribilgunetik herrigunera artekoa izango da. Jende asko bilduko den eremuetan ibilgailuen joan-etorria ahalik eta gehien murrizteko.

Loiolatxo elkartearen aurreko bidegurutzea ere itxita egongo da autoentzako, baita Gogartetxetik beherako Loiolako sarrera ere. Loiolara lanera joango direnentzako-eta santutegiaren komun publikoen aldeko aparkalekua gordeko dute.

Lurraldebuseko autobus zerbitzuen Azpeitiko geltoki denak martxan izango dira, eta garraio publikoan bertaratzen direnek herri barruraino sartzeko aukera izango dute.

Bidegurutzeak, sarbideak eta irteerak zaintzen udaltzainak nahiz boluntarioak egongo dira eta haiei kasu egiteko eskatu dute Kilometroen antolatzaileek.

GARRAIO PUBLIKOA

Kilometroetara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebusen zerbitzuak indartuko dituela gaur; zerbitzu horiek erabiltzera animatu dute jendea. Honako zerbitzuak indartuko dituztela jakinarazi du Azahara Dominguez diputatuak: UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz), UK05 (Zestoa-Ermua) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga). Autobusak bete orduko beste ibilgailu batzuk edukiko dituzte zerbitzua emateko prest.

APARKALEKUAK

Gaurko autobusentzako eta autoentzako zazpi aparkaleku prestatu dituzte, eta trafikoa bideratzeko, argibideak emateko nahiz aparkalekuak zaintzeko boluntario talde handia antolatu dute. Autoak aparkatzeko orduan boluntario horien jarraibideak segitzeko eskatu diete herritarrei Kilometroen antolatzaileek. Aparkalekuak honako tokietan daude prestatuta: Azpeitian, Landetako industrialdean, eta Azkoitian, Munategiko Basarteko industrialdean eta Txerloian. Herriz herri antolatutako autobusek Azpeititik Azkoitira artean dagoen autoeskolan utziko dute jendea, eta, gero, Oñartxorako eta Urrategirako bidegurutzean (Lidl) aparkatuko dituzte.

Autokarabanentzako guneak Goenan eta Oñatz auzoan daude.

JANTOKIA

600 laguntzeko jantokia prestatu dute Ikasberri ikastolan eta bazkarirako txartelak txarteldegietan eros daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide