Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga bertsolariak, Gipuzkoako final-laurdenetara

Nerea Uranga 2024ko urr. 5a, 21:22

Gaurko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioan Soreasu beteta. (Bertsozale)

Azpeitian jokatu da gaur Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako azken saioa, eta Maider Arregi oñatiarrak irabazi du. Behin saio hori jokatuta, final-laurdena jokatuko duten 30 bertsolariak erabakita gelditu dira.

Gaur bukatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-zortzirenak. Azpeitiko Soreasu antzokian izan den saioa Maider Agirre oñatiarrak irabazi du; harekin batera aritu dira lehian Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Asier Azpiroz eta Maialen Akizu. Aretoa bertsozalez bete da.

Maider Arregi gaur Azpeitiko saioan. (Bertsozale.eus)

Sailkapen fase hori bukatuta, final-laurdenari ekingo diote orain 30 bertsolarik, eta horien artean dira Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak. Aurreko fasean egindako puntuazioari esker lortu dute hurrengora pasatzea.

Final-zortzirenetatik aurrera egin duten bertsolariei 2019ko txapelketan sailkatutakoak batuko zaizkie datorren fasean: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Final-laurdeneko aurreneko saioa urriaren 19an izango da, 17:00etan, Eibarko Coliseo aretoan. Oier Etxeberriak urriaren 26an, 17:00etan hasita, Azkoitiko Baztartxo aretoan egingo den saioan kantatuko du. Saio horretan ariko diren beste bost bertsolariak honakoak dira: Ane Labaka, Asier Azpiroz, Eli Pagola, Maialen Akizu eta Unai Mendizabal. Jon Gurrutxagak, berriz, azaroaren 3an (17:00) Tolosako Leidor aretoko saioan kantatuko du. Honako bertsolariekin ariko da: Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi,  Maider Arregi eta Nerea Elustondo.

Saio horretan ez da eskualdeko bertsolaririk ariko. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide