Denboraldiko lehen asteburu borobila Lagun Onakentzat

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 7a, 11:30

Lagun Onakek Durangon aurkeztu zuen hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak FT)

Irabazi egin dute bi talde nagusiek, biek etxetik kanpo: gizonen taldeak bigarren garaipena eskuratu zuen Durangon (1-2), eta emakumeek estreinakoa, Elgoibarren (0-1).

Seitik sei. 2024-2025 futbol denboraldiko lehen jardunaldi borobila izan da joandakoa Lagun Onak futbol klubarentzat. Azpeititik kanpo aritu ziren bi talde nagusiak, eta garaipen banarekin itzuli ziren etxera.

Espainiako Hirugarren Mailako bosgarren jardunaldian, Durangoko Culturalen zelaian 1-2 irabazi zuen Jose Luis Riberaren taldeak, aurkari zail baten etxean hiru puntuak batuz. Gainera, puntuen zaporea are gozoagoa izan zen Azpeitikoentzat, galtzen hasi ondoren iritsi baitzen garaipena. Puntuen bila atera ziren bi taldeak lehen zatian eta biek izan zituzten gol aukerak. Lagun Onakena izan zen goiztiarrena: 12. minutuan, zutoinaren eta langaren gurutzean jarri zuen baloia Alex Letamendiak, areaz kanpotik falta jaurtita. Durangokoak ez ziren, ordea, atzera gelditu: langara bota zituzten bi gol ahalegin, eta hirugarrengoan, langak itzulitako baloia sarera bota zuen Iñigo Ariztimuño Lagun Onakeko jokalari ohiak; Azpeitikoek falta eskatu zuten jokaldi horretan, baina epaileak ontzat eman zuen gola. Lehen zatiko 43. minutuan iritsi zen 1 eta 0koa, baina atsedenaldiaren atariko kolpeari ondo baino hobeto erantzun zion Lagun Onakek aldageletatik zelaira itzulita. 49. minutuan egin zuen Imanol Illak berdinketaren gola, eta etxekoek bai antzeman zutela kolpea. Aldaketen jokoan Riberak hobeto asmatu zuen, Lagun Onakek Durangoren ahaleginak arazo handirik gabe eutsi eta aurrean min egiten jarraitu zuen, eta bukaera gertu zela heldu zen merezitako saria Azpeitikoentzat: Beñatek baloia lapurtu, Jon Sorazuri eman, eta zestoarrak erdiratutako baloia sareratu zuen Jagoba Erdoziak 88. minutuan (1-2).

Joan den zapatuan batutako puntuekin, zortzi ditu guztira Lagun Onakek eta zortzigarren tokian dago sailkapenean. Datorren zapatuan, 17:00etan, Deusto liderra hartuko du Azpeitiko taldeak Garmendipen.

Atzo, berriz, Ohorezko Erregional Mailako taldeare txanda izan zen. Ligako hirugarren jardunaldian, punturik batu gabe azken tokian sailkatuta zegoen Elgoibarren etxean aritu ziren Miren Arrondoren emakumeak, eta denboraldi berriko lehen garaipena eskuratu zuten han (0-1). Hasierako minutuetan nahiko nagi ibili ondoren, pixkanaka hobetzen joan ziren Lagun Onakekoak lehen zatian, eta neurketa erabakiko zuen gola egin zuten 21. minutuan: Malen Astigarragak dotore jarritako baloiarekin bakarrik gelditu zen ate aurrean Joane Korta, eta ederki asmatu zuen baloia sareratzen. Beste golik egin gabe, baina atsedenaldira bidean arazorik gabe heldu zion aldeari Lagun Onakek. Bigarren zatian ere eutsi zion abantailari, baina gehiago penatuta. Izan ere, joko narratsa nagusi izan zen azken 45 minutuetan. Bi taldeek nabaritu zuten bero sapa, eta etxekoek azken minutuetan zertxo bait gehiago estutu arren, Azpeitikoek sendo eutsi zioten atzean.

Hiru jardunaldi jokatuta, lau punturekin, bederatzigarren postuan dago Lagun Onak. Arrondoren taldea ere Garmendipera itzuliko da datorren asteburuan, Urolaren kontra jokatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide