Garaiko errezeta osasungarrien prestaketa eta dastaketa izeneko esperientzia antolatu dute Ekoetxean iganderako, urriaren 13rako. Sasoiko barazki eta zerealekin hainbat errezeta prestatuko dituzte bertaratzen direnek, bertako produktuak sustatuz. Halaber, janaria prestatu eta dastatzeaz gainera, errezeta liburuxka bat etxera eramateko aukera izango dute.
Honela definitu dute igandeko ekintza Ekoetxekoek: "Elikadurak gure ongizatean berebiziko garrantzia duen mundu honetan, tokiko eta sasoiko produktuekin janaria prestatzearen plazera ezagutzeko espazio bat proposatzen dugu. Esperientzian zehar, urte sasoi honetan ohikoak diren barazki eta zerealak erabiliko ditugu, horien aberastasuna azpimarratuz. Ezagutu naturaren onenarekin janaria prestatzearen plazera eta zein erraza eta goxoa den janari osasungarriak eta zaporez beteak prestatzea".
6 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzendutako ekintza da igandekoa, eta 10:30ean hasita, ordu eta erdiko saioa egingo dute. Ekintzan parte hartzea doakoa den arren, aurrez izena eman beharko da honako lotura honetan.