Irudhitzen lehiaketaren VIII. edizioa

Martxan da argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketa

Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 15:54

Emozioak da aurtengo edizioaren gaia, eta dagoeneko irudiak bidali daitezke. Argazkiak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dira, Irudhitzen lehiaketa gaia jarrita, urriaren 20a bitartean.

Gukak abian jarri du argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketaren zortzigarren edizioa. Orain arteko edizioetan izan bezala, lehiaketak bi atal izango ditu: irudiena eta hitzena. Lehen fasea, irudiena, abian da dagoeneko, eta urriaren 20ra arte bidali daitezke argazkiak.

Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia Emozioak da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte.

Lehiaketaren oinarriak

  • Gaia: emozioak
  • Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke. 
  • Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute. 
  • Ezinbestekoa da argazkiak horizontalak izatea eta JPG formatuan aurkeztea. 
  • Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake gehienez. 
  • Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
  • Argazkiak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dira, 'Irudhitzen lehiaketa' gaia jarrita, urriaren 20a bitartean. 

Lehiaketako irudien zatiaren irabazlea nor den erabakitzeko, hiru adituez osatutako epaimahai bat eratuko da, eta irabazleak 200 euroko saria eskuratuko du. 

Lehen fasea bukatu ondoren hasiko da bigarrena, hau da, hitzena, eta herritarrek irudien epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko tartea izango dute, urriaren 23tik azaroaren 5era. .

Argazkia oinarri hartuta, parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi: argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz... Gehienez, 100 hitzeko testuak izan behar dute, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost testu aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Testu irabazlearen egileak 200 euroko saria eskuratuko du.

Sari banaketa abenduaren 12an egingo da Sanagustin kulturgunean, eta jarraian, aukeratutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa zabalduko da. Erakusketa abenduaren 20ra arte izango da zabalik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide