Kilometroak 2024

Gizon bat Kilometroetan hainbat adin txikiko grabatzen aritu zela salatu eta elkarretaratzea deitu du Itaiak

Julene Frantzesena 2024ko urr. 8a, 08:04

Herritar ugari KIlometroetan, Loiolan. (Nerea Uranga)

Adin txikikoak bideoz grabatzen eta bideo horiek sare sozial pribatuetara igotzen aritu zen gizona igandean. Antolakundeak adierazi duenez, gainera, ez da gizon hori emakumeak jazartzen aritu den lehen aldia. Elkarretaratzea plazan izango da, 18:30ean.

Gizon bat Kilometroetan hainbat adin txikiko grabatzen aritu zela salatu du Urola Erdiko Itaiak, eta gertaera salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. Plazan izango da kontzentrazioa, 18:30ean hasita, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu lelopean.

Itaiak ohar bidez jakinarazi duenez, adin txikikoak bideoz grabatzen eta bideo horiek sare sozial pribatuetara igotzen aritu zen gizona igandean. Antolakundeak adierazi duenez, gainera, ez da gizon hori emakumeak jazartzen aritu den lehen aldia: "Azpeitiko hainbat tabernatan ere harrapatu dute gauza bera egiten, baita Zumaian eta Zestoan ere". Itaiak erasoak salatu eta erasotutakoei babesa helarazi die.

Ideia eta jarrera matxisten kontra borrokatzeko beharra azpimarratu du antolakundeak, eta adierazi du ezin dela ahaztu denen ardura dela eraso gehiago ez gertatzeko bermeak jartzen gaurdanik hastea. "Guztioi dagokigu erasoen aurrean irmoki erantzutea eta erasotzaileei aurre egitea. Itaian horretan jarraituko dugu, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan norberak bere aletxoa jartzeko deia egiten dugu".

Halaber, indarkeria matxista ez dela existitzen gizartean gero eta zabalduago dagoen ideia dela uste du Itaiak, baina errealitatea "aurkakoa" dela esan du: "2024an hiru dira Euskal Herrian erahil dituzten emakumeak, eta sexu erasoei dagokienez, gutxienez, 4.099 eraso salatu dira EAEn, salatu ez diren guztiak kontuan izan gabe". Gainera, indarkeria matxista ukatzeak "sekulako albo kalteak" eragiten dituela ere jakinarazi du emakumeen antolakundeak. "Eraso matxisten normalizazioa, erasotzaileak inpunitate osoz jardutea eta emakume langileon gorputzen sexualizazioa eta objektibizazioa" dira, Itaiaren arabera, albo kalte horiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide