'Neskamearen ipuina' liburuaren inguruko tertulia egingo du Itaiak hilaren 24an

Maialen Etxaniz 2024ko urr. 9a, 15:27

'Neskamearen ipuina' telesaileko frame bat.

Liburuaren kontakizunetik abiatuta, alokairu sabelak izango dituzte hizpide hilaren 24ko saioan. Baigerako aretoan elkartuko dira, eta nahi duen oro bertara daiteke. 

Liburu tertulia antolatu du Itaiak irailaren 24rako, Neskamearen ipuina nobelan oinarrituta. Hain zuzen, liburuaren kontakizuna abiapuntu hartuta, alokairuko sabelen gaia landuko dute, solasaldiaren bidez; izan ere, gai hori du oinarri Margaret Atwoodek idatzitako nobelak. Euskarara itzuli zuen Zigor Garrok. 

Hilaren 24an, ostegunez, egingo dute liburu tertulia, 18:30ean hasita, Baigerako aretoan. Saioa irekia da, eta nahi duen edonor bertara daiteke, baina gomendatu dute liburua irakurrita joatea. Itaiak jakinarazi duenez, bitartekoak eskuratzea nahi duenak antolakundeko kideekin jar daiteke harremanetan, itaiaurolaerdia@gmail.com helbidera idatzita. 

Horrela dio liburuaren sinopsiak: "Jainkoak eta Gobernuak bat egiten dute distopia aztoragarri honetan, eta erregimen ahalguztidun baten itxura hartzen. Politikaren eta sexuaren arteko lotura ilunenetako batzuei argi emanez, mehatxu ezkutu bat agerrarazten du: gizarte osoa azpiratzeko lehen urratsa emakumeak mendean hartzea da. Antizipazio izugarriz, 80ko hamarkadan kaleratu zuen Margaret Atwoodek eleberria, bere prosak ohi duen sarkasmo sotil eta ideien argitasuna lagun. Urteek indartu baizik ez dute egiten istorio lazgarri hau".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide