Emakumeen osasuna lantzeko tailer bat eta bi hitzaldi antolatu dituzte urtea amaitu bitarterako Azpeitiko Emakumeen Txokoak eta DYAk elkarlanean.
Urriaren 23an bularreko minbiziaren prebentzio eta hautemate goiztiarrerako tailerra izango da, eta bertan parte hartu ahal izateko, urriaren 18rako eman behar da izena, Emakumeen Txokora joanda edo telefonoz deituta 688 75 10 00 zenbakira. Tailerra Emakumeen Txokoan bertan izango da, 18:30etik 20:30era, eta emakumeek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Saio horretan DYAko ordezkariek bularreko autoesplorazioa egiten irakatsiko dute, bularreko edozein anomalia garaiz detektatu ahal izateko.
Beste bi saioak hitzaldiak izango dira: azaroaren 13an, Garapen afektibo-sexuala emakumeengan. Autoestimua hobetzea izenburuko saioa izango da. 18:30etik 20:30era, Basazabal jauregian.
Abenduaren 4an, Nutrizioa eta emakumeen metabolismoa. Nola aurre egin gorputzaren aldaketei denborak aurrera egin ahala izenburuko hitzaldia izango da. Emakumeek bizi ahal dituzten hainbat aldaketa aztertuko dituzte, eta horietara egokitzeko, eta ongizatea osotasunean lortzeko elikadura ohitura osasuntsuez ere arituko dira. Emakumeen Txokoan izango da hitzaldia, 18:30etik 20:30era.