Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean, "inklusioa eta errespetua" aldarrikatu dituzte

Nerea Uranga 2024ko urr. 10a, 13:30

Osamen errehabilitazio psiko-sozialerako zentroak antolatuta elkarretaratzea, kalejira eta ekitaldia egin dituzte Azpeitiko kaleetan, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta ospatu dute Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna.

Gaur, urriak 10, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun hori ospatzeko Osamen errehabilitazio psiko-sozialeko zentroko langileek, erabiltzaileek eta erabiltzaileen senideek Azpeitian hainbat ekintza egin dituzte, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatuta.

Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta elkarretaratzea egin dute eguerdian Plaza Txikian, Osamen zentroaren aurrean. Bilkura horretan, besteak beste, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek, Izarraitz Lanbide Heziketakoek eta udaleko ordezkariek parte hartu dute. Segidan, Alde Zaharrean kalejira egin dute, plazan ekitaldi batekin bukatuz. Ekitaldian hitza hartu dute Osameneko koordinatzaile Jone Larrañagak, zentroko hiru erabiltzailek, erabiltzaile baten arrebak eta Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko gizarte zerbitzuetako batzordeburuak. Guztiek, Osamen zentroak egiten duen lanaren garrantzia azpimarratu dute, eta buruko gaixotasuna duten pertsonen "inklusioa, errespetua eta normaltasuna" aldarrikatu dituzte.

Azpeitiko Udalak pankarta jarri du udaletxeko balkoi nagusian, gaur Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna dela gogoraraziz eta bat eginez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide