Zergatik utzi zenuen sorterria?
Betidanik izan dut espiritu librea. Bidaiatzea, bazterrak ezagutzea, nahi nuen; mundua ezagutzea. Euskal Herrian bidaiatzen ari zen Txileko lagun batek esan zidan hau niretzako moduko lekua zela, eta halaxe etorri nintzen, egun batetik bestera, 21 urte nituela.
Eta zergatik aukeratu zenuen Azpeitia?
Lehenik, Zarautzen bizi izan nintzen, eta tabernari lana egiten nuen han. Nire helburua zen lana egitea, aurreztea eta bidaiatzea. Gero, jakin nuen Azpeitiko Osinazpin txiletar bat ari zela lanean, eta lanpostu bat libre zutela; orduan, han hasi nintzen lanean. Hasieran Zarautzera bueltaka ibili nintzen, baina gero denboraldi luzeagorako eskaini zidaten lana, eta Azpeitira etorri nintzen bizitzera.
Zer egiten zenuen hemen?
Osinazpin lana egiten nuen, eta denbora librean bidaiatu; horixe zen egin nahi nuena. Hasiera batean urtebeterako etorri nintzen Euskal Herrira. Urte eta erdi pasatu zen, eta erabaki egin behar nuen hemen gelditu edo Txilera itzuli.
Zer erabaki zenuen, azkenean?
Erabakia hartu behar nuen egunean negar asko egin nuen. Baina erabaki nuen gelditzea. Ez neukan ezer lotzen ninduenik, ez han eta ez hemen. Dena den, hemen denbora horretan irabazitako esperientzia neukan; sufritu egin nuen, baina izugarri ikasi nuen, hemen hasi nuen nire bizitza, nire helduaroa. Gelditzea erabaki nuenean, Txileko bi lagun min hona etorri ziren, nigana. Eta, pixkanaka, nire familia guztia etorri da hona: lehenengo ama, urteetara nire ahizpa bat, eta gero beste ahizpa. Harrigarria da, ez baita pentsatutako gauza bat izan [barreak].
Cristian zure senarra ere hemen bizi da. Txilekoa da hura ere. Noiz etorri zen?
Ni Euskal Herrira etorri nintzenean, Cristian eta biok bikote ginen, eta Txilera joaten nintzen bakoitzean, elkarrekin egoten ginen. Nahiz eta bakoitzak bere bizimodua egin, hara joatean beti elkartzen ginen. Egun batean, lagun baten ezkontzara joan nintzen Txilera, eta ezkontzeko eskatu zidan. Ni hemen bizi nintzen eta bera han. Eta ez dakit zergatik, baina baietz esan nion. 27 urte nituen. Amak esan zidan: "Zer egin duzu?".
Ezkontzean, han ala hemen bizitzea zen zuen plana?
Han bizitzea. Saiatu nintzen nire burua han kokatzen, baina ez nuen lortzen. Eta falta zena. Urrian ezkondu behar genuen, eta apirilean haurdun gelditu nintzen. Soinekoa erosita neukan, ez zidan balio...
Ezkondu zineten, ezta?
Bai. Urrian ezkondu ginen, eta Cristiani esan nion ez nuela han bizi nahi. Konbentzitu nuen Euskal Herrira etortzeko. Etorri ginen, eta ni ondo nengoen, baina bera ez. Berak enpresa bat zuen han, eta hemen tabernari ari zen. Aldaketa handia izan zen berarentzat. Orduan, berriro joan ginen, ez nuelako ondo ikusten, eta iritsi eta astebetera esan zidan: "Ez dut hemen bizi nahi, ez dut hau nahi gure umeentzat". Izan ere, hiria oso kaotikoa da, eta hemen osasungintza ona dugu, eskola gertu, lasai bizi gaitezke... Gaur egun, ondo gaude. Hiru ume ditugu, eta asko maite dugu leku hau.
Zergatik?
Denek galdetzen didate: "Zergatik Azpeitia?". Ez dakit erantzuten. Beste edozein herrialdetan, edozein hiritan, geldi nintekeen, eta hemen gelditu nintzen. Beti pentsatu izan dut hauxe zela guretzako lekua, baina ez dakit zergatik.
Gaur egun, bitxigintzan aritzen zara, Miara izenarekin.
Umeak pixka bat hazi zirenean, niretzako zerbait egitea nahi nuen. Beti izan dut arterako joera, eta pandemian, maskaren sokak egiten hasi nintzen. Gero, lepokoak egiten hasi nintzen, belarritakoak... Gaur egun, buztinarekin egiten ditut bitxiak, eta azokaz azoka ibiltzen naiz, dendetan ere saltzen dut... Pixkanaka, hazten ari da Miara. Une honetan, egon nahi nuen lekuan eta momentuan nagoela sentitzen dut, eta nahi dudana egiten. Horrek zoriontsu egiten nau.