Trikitilariek eta trikitizaleek hitzordua izango dute bihar goiz-eguerdian Azpeitian, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago liburua aurkeztuko baitute han.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen (EHTE) aurrekariak, ibilbidea eta beste hainbat jakingarri jaso dituzte 150 orrialdetik gorako argitalpenean Laxaro Azkune eta Haritz Garmendia azpeitiarrek. COVID-19aren pandemiak erdiz erdi jotako enegarren proiektua izan da trikitilarien elkartearen liburuarena. 2022an bete zituen EHTEk urrezko ezteiak; buruan aurretik zerabilten arren, data horren aitzakian hasi ziren lanean Azkune eta Garmendia, eta aurreikusitakoa baino gehiago luzatu zaie lana.
Bisita eta aurkezpena
Biharko aurkezpena dela-eta bi hitzordu prestatu dituzte trikiti elkartekoek.
Basazabal jauregian dago elkartearen egoitza, eta hura ezagutu nahi dutenentzat hitzordua jarri dute 11:00etan. Liburua aurkezteko ekitaldia, berriz, Sanagustin kulturgunean egingo dute, 12:00etan. Egileek, Itxaso Elizagoien EHTEren presidenteak eta Aitor Larrañaga Azpeitiko Kultura zinegotziak aurkeztuko dute liburua.