Selektibitateari ez esateko, baina bereziki 2024-2025 ikasturterako iragarrita dauden aldaketen gaineko "informazio falta" salatzeko, mobilizazioak deitu ditu gaurko Hego Euskal Herrian Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak. Ikasturtea hasi zenetik hilabete bat joan dela, eta horren amaieran Batxilergoko 2. mailako hainbat ikaslek egin beharko duten unibertsitaterako hautaproba eredu berriaren gaineko informaziorik oraindik ez dutelako kexu dira ikasleak.
Azpeitian Batxilergoko dozenaka ikaslek egin dute bat IAren deialdiarekin. Goizeko 10:30ean hasita, elkarretaratzea egin dute herriko plazan, gaurko protestaldiaren Ez jolastu gure etorkizunarekin leloa zuen pankartaren bueltan jarrita.