Esan sindikatuak salatu du Azpeitiko Udala "udaltzainen eskubide ekonomikoak urratzen" ari dela

Maialen Etxaniz 2024ko urr. 11a, 11:14

Azpeitiko Udaltzaingoa, artxiboko irudian. (Mailo Oiarzabal)

Sindikatuak "Europako zuzentaraua ez aplikatzea" leporatu dio erakundeari. Azpeitiko Udalak, bere aldetik, Gukari jakinarazi dio "harriduraz" hartu duela Esanek gaia komunikabideetara eramatea, sindikatuaren "eskaera lantzen" ari baitira dagoeneko enpresa batzordean.

Azpeitiko Udala "udaltzainen eskubide ekonomikoak urratzen" ari dela salatu du euskal polizien Esan sindikatuak. Hain zuzen, "Europako zuzentarau bat ez aplikatzea" leporatu dio udalari, eta 40.000 euroko zorra leporatu dio. Esanen arabera, zuzentarauak dio "lan-egutegian ohikoak diren gaueko eta jaiegunetako plusak ez direla noizbehinkakoak, oporretan edo langileen bajetan ere ordaindu beharreko osagarriak baizik". 

Sindikatuak adierazi duenez, 2023ko abenduan eskaera erregistratu zuen Azpeitiko Udalean, zuzentaraua betez, preskribatu gabeko azken lau urteetako zenbatekoa ordaintzeko –40.000 eurotik gorako zorra, sindikatuen kalkuluen arabera–.

Esanek salatu du udala "isilik" dagoela eskaera egin zenetik, "Udaltzaingoko langileen eskubide ekonomikoak urratuz eta zorra preskribatzeko denbora igaro dadin utziz". Azpeitiko Udalak, ordea, adierazpen horiek gezurtatu ditu. 

Enpresa batzordean lantzen

Azpeitiko Udalak adierazi du eskaera hori jasota duela, eta dagoeneko lantzen ari direla enpresa batzordean. Erakundeak jakinarazi duenez, "adostasuna egon badago", baina oraindik nola egin adosten ari dira. "Gauetan eta jaiegunetan lan egiteagatik osagarriak kobratzen dituzte gaur egun ere udaltzainek, orain, berariazko soldatara pasatzeko eskaera egin dute. Hau da, ordaintzeko moduan dago aldaketa. Hori adosten eta kalkulatzen ari gara enpresa batzordean. Adostasuna badago, horregatik, harriduraz hartu dugu gaia komunikabideetara eraman izana", adierazi du udalak. 

Era berean, Azpeitiko Udalak adierazi du "nabarmentzekoa" dela udalak "gero eta baliabide gehiago" bideratzen dizkiola Udaltzaingoari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide