Beste urte batez, bi eguneko festa egitaraua antolatu dute Arauntza Riders klubeko kideek Izarraitz skate parkean: III. YK Riders Fest ospatuko dute gaur eta bihar. Arratsaldean hasi dira edizio honetako ekintzak; hain zuzen ere, 17:30ean hasita, BMX, scooter, skate eta lineako patinen ikastaroak eskaini dituzte, eta hainbat herritar bertaratu dira. Ondoren, ostirala jai giroan amaitzeko, parrilada egingo dute 20:00etatik aurrera, eta zuzeneko musika ere egongo da. Zestoako Argizulo taldeko kideek eta Eira zein Takin ova lovak reggae doinuz girotuko dute skate parkea.
Biharko goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. Enduro martxarekin irekiko dute eguna 09:00etan, eta batzuk mendian dabiltzan bitartean, bestelako ekintzak egingo dituzte skate parkean; besteak beste, grafiti, slack line eta tye die tailerrak. Bazkaria egingo dute eguerdian, 14:30ean. Arratsaldean,16:30 aldera, erakustaldia egingo dute skate parkean, eta eguna borobiltzeko, parrillada eta kontzertuak eskainiko dituzte. Aurten, Getariako Onlifly, Azpeitiko Jipoituak eta Hoben musika taldea igoko dira oholtzara.
I. Enduro Martxa
YK Riders festaren barruan, I. Enduro Martxa antolatu dute Arauntza Riderseko kideek. Aurreratu dutenez, "Azpeitiko jaitsierak ezagutzeko plan ederra" izango da. Hala ere, bertan parte hartzeko "gutxieneko teknika maila izatea" gomendatzen dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Kaskoa eta belaun-babesak eramatea "derrigorrezkoa" izango dela ere azpimarratu dute.
Guztira, 30 kilometroko eta 1.100 desnibel positiboko bidea egingo dute, hiru jaitsierarekin. Enduro Martxan parte hartu nahi dutenak 08:30ean elkartuko dira skate parkean.
Biharko egitaraua, hemen:
Urriak 12, zapatua:
- 09:00: Enduro martxa.
- 10:30: Tailerrak eta jolasak: Graffiti, slack line eta tye die.
- 14:30: Bazkaria. Txartelak DA tabernan eskuragarri.
- 16:30: Erakustaldia.
- 20:00: Parrillada eta kontzertuak: Onlifly, Jipoituak eta Hoben.