Iruñeko hilketa matxista salatu du udalak

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 12a, 07:30

Gizon batek emakume bat hil zuen asteazken goizaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan, labankadaka. Hilketa matxista hori salatu du Azpeitiko Udalak, eta mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela azaldu du erakundeak.

Gizon batek emakume bat hil zuen asteazken goizaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan, labankadaka. Hilketa matxista hori salatu du Azpeitiko Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna adierazteaz gain, hilketa salatzeko mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela azaldu du erakundeak. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den bosgarren erailketa matxista izan da.

"Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du", adierazi du erakundeak.

"Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", erantsi du udalak.

Horregatik, Azpeitiko Udalak adierazi du gainerako erakunde publikoekin batera lanean jarraituko duela, "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra dagoelako denon artean". Era berean, esan du "eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea" dagokiola.

Erasoren baten aurrean, herritarrei gogorarazi die udalak zein telefonotara dei dezaketen:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943157192
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943151313
  • Emakumeen Txokoa: 688751000
  • Ertzaintza: 112

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide