Oier Etxeberriak Angliruko Igoera irabazi du asteburuan. Atzo, igandez, izan zen proba, Asturiasen. Zehazki, Riosa herritik atera ziren parte hartzaileak, Angliru mendatean hamahiru kilometroko ibilbidea gauzatzeko xedez.
1.200 metroko maldadun igoeran azpeitiarra nagusitu zen; hain zuzen ere, ordubete, 11 minutu eta 46 segundo korrika igarota iritsi zen Etxeberria Angliru tontorreko helmugara.
Bigarren sailkatu zen korrikalariari, Mauro Cepedali, ia bi minutuko aldea atera zion azpeitiarrak (+1:55), eta hirugarrenari, Daniel Redondori, bi minutu eta erdi pasatxokoa (+2:37).