Etxean aritu dira joan den asteburuan Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak, baina etekin hobea atera diote gizonek emakumeek baino: zapatuan, 2-0 irabazi zion Deustori Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, eta golik gabe berdindu zuen Ohorezko Erregional Mailakoak Urolaren kontra.
Laugarren jardunaldira arte ez zuen lortu partidarik irabazterik Jose Luis Riberaren taldeak, baina harrezkero hiru garaipen kateatu ditu erreskadan. Azkena, Deustoren kontra, herenegun, Garmendipen. Gol goiztiar bati ondo eutsi ondoren, aurkari on baten kontra neurketaren azken minutuetan beste gol batekin borobildutako garaipena izan zen zapatukoa Lagun Onakentzat. Bi taldeak zelaian egonkortu aurretik, Jon Sorazuk 7. minutuan egin zuen etxekoen lehen gola, area kanpotik jaurtita. Hortik aurrera, Bilboko taldearen ahaleginei eustea eta kontraerasoan markagailua ixtea izan ziren Lagun Onaken erronkak, eta bigarrena neurketaren hondarrera arte lortu ez arren, ederki bete zuten lehena Riberaren gizonek. Deusto indarra galtzen joan zen bigarren zatian eta etxekoek, aldiz, erasoan bizitasuna irabazi zuten aldaketekin. Horrela, 89. minutuan, Jon Peñak dotore utzi zion baloia takoiarekin Jokin Zeziagari, area barruan lurrera bota zuten Zeziaga, eta epaileak adierazitako penalti jaurtiketarekin egin zuen 2-0ekoa Xabi Gereta kapitainak. Ondoren, azken minutuetan, Deustoko bi jokalari kanporatu zituen epaileak. Seigarren jardunaldia osatuta, 11 puntu ditu Lagun Onakek, Aretxabaleta sailkapen buruak baino bi gutxiago, eta seigarren postuan kokatuta dago. Datorren zapatuan Errenterian (Gipuzkoa) ariko da Azpeitiko taldea, bere puntu kopuru berarekin sailkapenean zazpigarren postuan den Touringen aurka (16:30).
Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan etxeko lehen garaipena eskaini nahi zien Lagun Onakek zaleei, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen Miren Arrondok zuzentzen duen taldeak. Lan askoko baina aukera eta disdira urriko neurketa jokatu zuten Lagun Onakek eta Urolak Garmendipeko belar artifizialdun zelaian. Zumarragako taldeak etxekoen esku utzi zituen jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza hasieratik, atzean sendo kokatu eta kontraerasoan ahalegintzeko. Horrela, Lagun Onakena izan zen ekimena lehen zati osoan, baina Azpeitikoek ez zuten zulorik topatu Urolaren defentsa tupian. Bigarren zatiaren hasieran, aldiz, bisitariak izan ziren etxekoen atera arriskua eraman zutenak. Susto horiek gaindituta, lehen zatiko dinamika berreskuratu zuen partidak: Lagun Onak golaren bila, eta Urola kontraerasoen zain. Aukera solte batzuk egon ziren, baina golik gabe eta puntu banarekin gelditu ziren bi taldeak. Lau jardunaldi jokatuta, bost puntu batu ditu Lagun Onakek eta sailkapenaren erdi aldean dago, bederatzigarren tokian. Datorren asteburuan Zumaiakoren etxean jokatuko du Arrondoren taldeak.