Urriaren 31tik azaroaren 2ra egingo du ISBk aurtengo Garagardo Azoka

Julene Frantzesena 2024ko urr. 15a, 08:55

Hainbat lagun, iazko azokan.

Azoka irekitzeaz Zumaiako Telmo Deun emakumeen taldean aritzen diren arraunlari azpeitiarrak eta azkoitiarrak arduratuko dira. Azaroaren 1ean mus txapelketa azkarra izango da. Otorduetarako erreserbak egin ahal izango dira.

Ohiko datetarako ez bada ere, Iraurgi Saskibaloi Taldeak prestatu du Garagardo Azoka. Aurtengoan egitasmoaren XIV. edizioa izango da, eta urriaren 31n (osteguna), azaroaren 1ean (ostirala) eta azaroaren 2an (zapatua) egingo dute.

Azoka irekitzeaz Zumaiako Telmo Deun emakumeen traineruan aritzen diren arraunlari azpeitiarrak eta azkoitiarrak arduratuko dira, arrauneko azken denboraldian mailaz igotzea lortu dutelako. Hilaren azken ostegunean izango da garagardo iturrien irekiera, 20:00etan. Dena den, 18:00etan irekiko dute Azoka Plazaren kanpoaldean jarriko duten barra, pintxo-poterako.

Behin azoka inauguratuta, jan-edanerako aukera izango dute herritarrek hiru egunez. Dena den, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egitaraua osatzeko. Besteak beste, mus txapelketa azkarra, Izer eta Alabier trikitilarien emanaldia nahiz Kanpax DJaren saioa izango dira.

Aurten berrikuntza bat izango da, gainera: poteorako-eta Azoka Plazaren kanpoaldean barra jarriko dute azokaren sustatzaileek: hain zuzen ere, urriaren 31n eta azaroaren 1ean 18:00etan zabalduko dute, eta azaroaren 2an, berriz, 13:00etan. Azoka 02:00etan itxiko dute hiru egunetan.

Ostiralean, musa

Ostiral arratsaldean, 15:30ean hasita, mus txapelketa azkarra egingo dute Azoka Plazan. Izena aurrez eman ahal izango da Sanagustin kulturgunean; hain zuzen ere, urriaren 24etik aurrera izango da horretarako aukera. Egunean bertan ere inskribatu ahal izango da, ordea; 14:15etik 15:15era Azoka Plazan. Bikoteko 30 euro ordaindu beharko da.

Hainbat sari izango dira jokoan. Izan ere, bikote irabazleak 600 euro eta txapela eskuratuko ditu; txapeldunordeak 400 euro; hirugarren sailkatzen denak 200 euro; eta laugarrenak, berriz, bi lagunentzako afaritarako txartela.

Erreserbatzeko aukera

Azokako kutixiak dastatu nahi dituzten herritarrek otorduetarako erreserbak egiteko aukera izango dute. Hilaren 26tik aurrera, Azoka Plazan bertan egin ahal izango dira erreserbak 16:00etatik 19:00etara bitartean.

Urriaren 31n afariak eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera, baita azaroaren 1ean eta azaroaren 2an ere. Azokaren azken egunean, gainera, bazkaltzeko aukera ere eskainiko dute, 14:00etatik 17:00etara bitartean. Aurrez erreserbatu beharko da eta herritarrek eskaintza bereziez gozatu ahal izango dute: ukondoa, saltxitxa, bi garagardo eta pitxarra hogei eurotan eskuratu ahal izango dituzte; oilaskoa, saltxitxa, bi garagardo eta pitxarra, berriz, hamabost eurotan.

Ez da hori izango, ordea, egingo duten eskaintza bakarra. Azaroaren 2an 14:00etatik 20:00etara bitartean bi garagardo baten prezioan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide