KZgunearen eskaintzaren berri emateko hitzaldia antolatu du Baigerak

Nerea Uranga 2024ko urr. 15a, 12:41

Maila desberdineko ikastaroak eskainiko dituzte.

Baigerako bazkideentzako ikastaroak antolatzeko asmoa dute KZgunean, talde txikietan banatuta. Eskaintza horren berri emateko saioa urriaren 23an izango da, Baigeran.

Baigera jubilatuen eta pentsionisten elkarteak KZgunearekin batera ikastaroak antolatzeko asmoa du, talde txikietan banatuta. "Gaur egun ezinbestekoa da teknologi berrietan (Interneta, sakelako telefonoa...) gutxieneko prestakuntza izatea eguneroko beharrei erantzun ahal izateko. Baigerako kideok ere hala uste dugu, eta aukera eman digutenez, hainbat prestakuntza saio egingo ditugu Azpeitiko KZgunean", azaldu du Baigerak.

Baigerako bazkideentzako KZgunean antolatu dituzten prestakuntza ikastaroen berri emateko informazio saioa antolatu dute urriaren 23rako (asteazkena), Baigerako batzar aretoan. 16:30ean izango da saioa eta Azpeitiko KZgunearen koordinatzaileak hitz egingo du. Ikastaroak ezer ez, pixka bat edota gehiago dakitenei zuzendutakoak izango direla aurreratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide