Pasang Temba xerpari ongietorria egin diote

Andoni Elduaien 2024ko urr. 16a, 10:12

Esklabetan egin zieten ongietorria atzo. (Alex Txikon)

Txikonek herrian egin zion ongietorria Temba xerpa nepaldarrari. Euskal Herrian bi hilabeteko egonaldia egingo du hark. Martin Zabaleta hernaniarrarekin 1980. urtean Everestera egin zuten igoera gogoratuko dute han eta hemen eskainiko dituzten hitzaldietan.

Pasang Temba xerpa Euskal Herrian da. Atzo, asteartea, Azpeitian egin zion ongietorria hari Alex Txikon Azpeitiko bizilagunak. Bi hilabeteko egonaldia egingo du nepaldarrak Euskal Herrian, eta, besteak beste, Alex Txikonek antolatutako zenbait hitzalditan parte hartuko du.

1980. urtean, Martin Zabaleta mendizale hernaniarrarekin batera egin zuen Everest mendiaren gailurrerako bidea Tembak, eta Azpeitian hura izan zuten gogoan. Hain justu, datorren ostiralean, Zabaletarekin batera, Euskal Mendizale Federazioan izango da nepaldarra. Euskal Herrira bisita egin izanaren arrazoietako bat da Tembarentzako laguntzak lortzea, haren familiak "egoera zaila" bizi baitu.

"24 ordu eskas igaro dituzte, baina ezin dira pozago egon", azaldu zuen Txikonek X sare sozialean. Tembarekin batera, Tenjing eta Cheppal sherpak ere etorri dira Euskal Herrira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide