Txelo Arangoren pinturak eta zeramikak ikusgai daude Betharramen

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 17a, 15:41

Gaur goizean ireki du erakusketa Azkoitian bizi den artistak eta hilaren 27ra arte martxan izango da; astegunetan goizez zein arratsaldez ikusi ahalko da, eta asteburuetan, berriz, eguerdietan.

Beste erakusketa bat bisita daiteke gaurtik Betharrameko udal aretoan. Negu bukaeran Azkoitian egin zuen antzera, bere margolanen eta zeramiken aukeraketa bat jendaurrean jarriko du Azpeitian ere Txelo Arangok. Ia 40 urtetan Azkoitiko Artelan zentroaren arduradun izan ondoren, erretiroa hartu zuenetik bere lan propio ugaria erakusten ari da Arango. Aurtengo hirugarren erakusketa du Azpeitikoa: Azkoitian neguan jarri zuen lehendabizikoa, bakarka; eta udaberrian, berriz, Izarraizpeko zenbait irudigile Azkoitia erretratatzen taldeko erakusketan parte hartu zuen, bietan, Portaleburu aretoan.

49 margolan eta 25 zeramika irudi jarri ditu ikusgai Betharramen Arangok, eta horietatik hamabost koadro besterik ez dira otsailean Azkoitian jarri zituenak. Paisaiak nagusi dira Arangoren erakusketan. Euskal Herriko beste zenbait txokotakoen eta Asturias sorlekukoen artean, Urola bailarakoak eta bereziki Azkoitikoak dira nagusi. Inguruotako baserriak ageri dira koadro batzuetan, eta horiei egin nahi izan die azpimarra egileak gaur, erakusketaren irekieran: Azkoitiko Igaraberri, Olano, Apasagasti eta Berrosueta, eta Azpeitiko Egibar (Ekoetxetxearen egoitza) ikus daitezke Arangoren koadroetan.

Lan eta sormen ibilbideko urte gehienak Azkoitian egin dituen arren, Azpeitiarekin ere harreman estua du Arangoren ibilbide profesionalak: Arte eta Diseinu ikastegian egin zituen Arte Aplikatuen ikasketak, eta 1985etik 1990era eskolak ematen aritu zen bertan. "Erakusketa honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiot Arte eta Diseinu zentroari eta, beraz, Azpeitiko herriari –irakur daiteke Arangok erakusketarako prestatu duen testu laburrean–, egindako lan artistiko garrantzitsuagatik; bai eta Javier Iraetaren lantaldeari ere, Urola bailarako artean egindako ekarpenagatik".

Ordutegi zabala

Aste eta erdiz egongo da ikusgai Arangoren erakusketa Betharramen, hilaren 27a arte. Udal aretoko ohiko ordutegia baino zabalagoa izango du, gainera, gaur ireki duten erakusketak.

Izan ere, astegunetan goizez (11:30etik 13:00etara) zein arratsaldez (18:00etatik 20:00etara) egongo da zabalik; eta asteburuetan, zapatu zein igande, eguerdi partean, 12:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide