Pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak Azpeitiko erretegi batean indarrez lapurreta egitea leporatuta

Nerea Uranga 2024ko urr. 17a, 16:50

27 urteko gizonezkoa da poliziak atxilotutakoa. Ostalaritzako establezimendu batera leiho bat behartuta sartu, eta barruan lapurretan atzeman dutela adierazi du Ertzaintzak. Atxilotu eta epailearen aurrera eraman dute.

Goizaldeko hiru eta erdiak aldera Ertzaintzak abisua jaso du Azpeitiko erretegi bateko alarma aktibatu delako, eta inguruan zaintza lanetan ari ziren poliziak abisuan adierazitako lekura joan dira. Erretegi horretan, lapurretan atzeman dute pertsona bat leiho bat behartuta sartuta. Poliziaren arabera, erretegiko barraren atzean zegoen pertsona hori, baina poliziak ikusitakoan hautsitako leihotik lokaletik lasterka alde egin du, agenteen aginduei kasurik egin gabe.

Erretegiaren kanpoaldean geldiarazi eta identifikatu dute susmagarria, eta egiaztatu dute ihes egiten saiatu denean establezimenduan lapurtutako txanponez betetako hainbat biribilki bota dituela inguruko zuhaixketara. Hala, 27 urteko gizonezkoa indarrez lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute, eta poliziaren egoitzan eginbideak egin ostean, epailearen aurrera eraman dute.

Gukak jakin duenez, Azpeitiko beste establezimenduren batean ere izan da lapurreta saiakera azkenaldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide