80ko hamarkadara itzuliko dira bihar, 'Burrundaie'-rekin

Ane Olaizola 2024ko urr. 18a, 09:29

Jotakie taldea, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

70eko eta 80ko hamarkadetan Urolan loratu zen musikaren panoramaz Josemari Unanuek egindako lanak argia ikusiko du bihar, Azpeitiko Sanagustin aretoan.

Josemari Unanue (Hendaia, Lapurdi, 1997) Azkoitiko bizilagunak joan den 70eko eta 80ko hamarkadetan Azkoitian eta Azpeitian izan zen rock panorama bildu du Burrundaie. Relatos del primer rock del Urola dokumentalean, eta haren debuteko ikus-entzunezko lanaren estreinaldia izango da bihar, Azpeitiko Sanagustin aretoan. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta dokumentaleko protagonistetako batzuk ere igoko dira oholtzara, kontzertuekin osatuko baitute emanaldia; izan ere, proiekzioaren ondotik, Avion eta Gallardos Revisited taldeen zuzenekoak hasiko dira. Jotakie taldeak ere eskaini behar zuen bihar kontzertua, baina "arrazoi pertsonalak tarteko", taldeko musikariak azkenean ez dira agertokian izango. Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude oraindik ere, Kulturaz.eus atarian. Hamar euro ordaindu beharko da sarrera.

Duela lauzpabost hamarkada Urolan izan zen musika eszena gogoratu nahi izan du zuzendariak dokumentalaren bidez, eta zehazki, Jotakie, Direccion Obligatoria eta Os Gallardos taldeen historia kontatzen du lanak. "Nire aita Os Gallardoseko abeslaria da, eta umetatik dezenteko harremana izan dut hiru talde horietako musikariekin. Pena ematen zidan Interneten haiei buruzko gauza askorik ez egoteak. Jotakieren bideo batzuk badaude, eta Xabier Borda idazle azpeitiarraren Jotakie, Urolan pop liburua ere badago, oso lan ona dena. Baina hortik harago, ikus-entzunezko euskarrian kontatu nahi nuen talde horien historia", azaldu du Unanuek.

Artxiboko materiala bildu du zuzendariak lana ontzeko, eta besteak beste, orduko talde horien kontzertuetako irudiekin zein bestelako argazkiekin kontatu du haiek egin zuten ibilbidea. "Sasoi hartan, Azkoitiko eta Azpeitiko aurreneko musika taldeak izan ziren haiek; zuzenean izan ez bazen ere, 70eko hamarkadan ekin zioten musika egiteari, eta hortik abiatuta sortu zituzten gero Jotakie, Direccion Obligatoria eta Os Gallardos taldeak".

Fluss taldea, Azkoitiko plazan, 1976ko sanandresetan. (Utzitakoa)

Dokumentalak argia ikusteko atarian, hasierako helburua betetzat jo du zuzendariak, baina aitortu du "pena pixka bat" eman diola talde horiei lotutako material gehiago jaso ez izanak. "Herritarrek izan zitzaketen argazki eta bideoak jasotzeko deialdia bidali nuen hedabideetara, baina lehendik nituen irudiak baino askoz gehiago ez dut jaso. Zerbait lortu dut, ordea, eta aurrez ikusi gabeko argazki batzuk jaso ditut; esaterako, aitak-eta 1976. urtean Azkoitiko plazan eman zuten kontzertu batekoa".

Orduko musika panorama biltzen duen lana amaituta, Unanuek azpimarratu du musika talde horiek ekarpen handia egin zutela garai hartan, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko musikagintzan "oinarriak" jarri zituztelako eta orduko gazteei "bultzada" eman zietelako beste musika talde batzuk sortzen hasteko. Hain zuzen, dokumentalean hori azaltzen saiatu da zuzendaria, garaiak asko aldatu direla iritzita: "Orain Internet dago eta musikariek entseatzeko udalaren lokalak-eta dituzte, baina 70eko hamarkadan ez zegoen horrelako ezer. Jendea ezagutzea ere ez zen gaur egun den bezain erraza, eta beraz, zera jakin nahi nuen: ezer ez egonda, nola sortzen zuten musika talde bat?".

Kontzertuek girotuta

Martxoan amaitu zuen Unanuek dokumentala, eta protagonistetako batzuek dagoeneko ikusi dute lana. Hain zuzen, musikari horiengandik jaso dituen erantzun desberdinak izan ditu hizpide Unanuek: "Batzuek esan didate kontu zaharrak direla eta nahiago dutela ezer ez jakinda, baina beste batzuei ilusio handia eragin die, eta esker oneko azaldu dira halako lan bat egiteagatik".

Hark azaldu duenez, bere asmoa zen dokumentaleko hiru taldeen kontzertuekin estreinatzea ikus-entzunezkoa. Os Gallardos taldearen formazio berria, Gallardos Revisited, eta Jotakie animatu ziren deialdira, eta Unanuek Avion taldearekin osatu zuen kartela. Dena den, Jotakieren azken orduko bajaren ondotik, bi taldeek, Gallardos Revisited eta Avionek, emango dute azkenean kontzertua. Hori hala, lehen taldeak blues eta rock kantuak plazaratuko ditu Sanagustinen, eta 70eko hamarkadaren amaieran jaiotako Avion taldeak folk doinuekin girotuko du aretoa. Zuzendaria gogotsu da bere lanaren estreinaldirako, eta jakinarazi du oraingoz ez duela beste emanaldirik programatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide