Azpeitiko Biele Group enpresak Kolonian (Alemania) egoitza duen KBD Automation GmbH enpresaren partaidetza nagusia erosi du. KBD enpaketatze lerroetan proiektuak garatzen espezialista den ingeniaritza bat dela adierazi du Bielek, eta horren erosketarako Agem Consultores Russell Bedford enpresaren lege eta finantza aholkularitza izan duela. KBD enpresa bereganatuta Europaren erdialdian duen "posizioa indartu" nahi du Biele Groupek: "KBD Automation Biele Groupen integratzeak taldearen egitura teknikoa indartuko du, eta Europa erdialdeko bezeroei zerbitzuak gertuagotik ematea ahalbidetuko du, baita lurralde horretan finkatutako hornitzaile posibleetara iristea ere".
Biele Group ekoizpen planta automatizatuetarako proiektuen ingeniaritzako enpresa indartsua da, eta gaur egun bost enpresek osatzen dute taldea: Biele (Azpeitia), Marrodan y Rezola (Errioxa, Espainia), Biele Digital (Donostia), Biele USA (Atlanta, Georgia, AEB) eta Biele China (Kunshan, Jiangsu, Txina). Biele Groupek 350 langile baino gehiago ditu.